Urdufolk, marmitako eta bola txapelketak edota euskal kanten topaketak izango dira nagusi Koroatze jaietan

Irailaren 2tik 4ra murgilduko da Urduña jaietan berriro, izan ere, Koroatzekoiak ospatuko dituzte asteburuan. Egitarauari dagokionez, Urdufolken laugarren edizioa, txapelketak eta euskal kanten topaketak izango dira nagusi.

 

Urdufolken laugarren edizioa

Irailaren 2tik 4ra murgilduko da Urduña jaietan berriro, izan ere, Koroatzekoiak ospatuko dituzte asteburuan. Egitarauari dagokionez, Urdufolken laugarren edizioa, txapelketak eta euskal kanten topaketak izango dira nagusi.

 

Urdufolken laugarren edizioa

Ostirala eta larunbata hartuko ditu Urdufolken laugarren edizioak. Ostiralean 19:30ean abiatuko du Asturiaseko El Trasnos gaita taldeak jaialdia kalejira batekin, eta ondoren, 21:00etan kontzertua eskainiko dute Foru plazan. Segidan, Iparfolk (Euskal Herria) eta Bran the blessed (Salamanka) taldeak entzuteko aukera izango da, nazioarteko folk lehiaketako finalistena, hain zuzen.

[video:https://www.youtube.com/watch?v=yRidVjGlgrA width:650 height:350] 

Larunbateko kalejira trikitilariek gidatuko dute. Kontzertuak 21:00etan hasiko dira. Oraingoan, ordea, Valentziako Besarabia eta Andaluziako Antonio Lizanaren txanda izango da. Urdufolken inguruko informazio guztia www.urdufolk.com webgunean dago.

[video:https://www.youtube.com/watch?v=l9AEVZG1Q2I width:650 height:350]

 

Marmitako eta bola txapelketa

Larunbatean XVII. marmitako txapelketa ere egongo da Foru plazan. 9:00etan hasiko da lehiaketa, eta partaideek bertan bazkaltzeko mahaiak eskatzeko aukera izango dute.

Txolope bola taldeak, bestalde, Koroatze jaietako bolo txapelketa antolatuko du larunbatean. Partidak 18:00etan hasiko dira udal bolatokian, eta igandean 11:00etatik aurrera jarraituko du norgehiagokak.

Pelotazale elkarteak ere eskupilota partidak egingo ditu frontoian 18:00etatik aurrera.

 

Kale antzerkia eta haur parkea

Larunbataz gozatzeko aisialdi ekintzak ere ez dira faltako Urduñan. Esaterako, haurrek jolas parkea izango dute goiz eta arratsaldean. Besteak beste, gaztelu puzgarriak eta apar festa egongo dira. Iluntzean, aldiz, Goloka taldeak “Piratak” emanaldi ibiltariarekin alaituko ditu kaleak, 19:00etan Gernika plazatik abiatuta.

 

Erraldoi, buruhandi eta Euskal kanten topaketa

Igandean, berriz, denetariko ekintzak egongo dira. Tradizioari jarraiki, 11:00etan Antzinako santutegian meza egingo dute, eta ondoren Foru plazan Erraldoi eta buruhandien alardea gauzatuko du Bihotza Konpartsak. Aurten, gainera, 15. urtemuga ospatzen ari dira; eta hori dela eta, buruhandi zein erraldoiekin argazkiak ateratzeko aukera emango diete bertaratzen direnei.

12:30ean, berriz, Euskal kanten topaketari ekingo zaio. Urduñako Santa Zezilia musika banda eta Urduñako Oilarrak taldearekin batera, Laudioko Los Arlotes abesbatza eta Sopuerta eta Sestaoko Atxaspe-Babcock taldea arituko dira abesten. Ekitaldia 15:00etan bukatuko da Posada aurrean.

Jaiei amaiera emateko herri kirolen erakustaldia egongo da Foru plazan. Hala, 19:30etatik aurrera aizkolariak, harri jasotzaileak eta iparraldeko jokoak ezagutzeko aukera egongo da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide