Idoia Aginako Urduñako alkateak, urduñarren izenean, barkamena eskatu zien otxandioarrei larunbatean Otxandion egindako ekitaldian. Izan ere, Angel Salas Larrazabal urduñarra izan zen duela 80 urte Otxandio bonbardatzea agindu zuen jenerala. "Orain 80 urte urduñar bat Otxandiora etorri zen, hegazkinez. Herriko umeek paperak edo gozokiak botako zituela uste zuten, baina bonbak bota zizkien. Nik baino hobeto dakizue historia hori, eta ondorioak ere bai", azaldu zien alkateak hunkituta bertaratutakoei. Ildo beretik, sarraski hartan bizia galdu zuten pertsonei eta euren familiei "oroimen maitakorrena eta ohore zinezkoena" eskaini zizkien.
Diskurtso hunkigarria
Alabaina, oraingoan, "berri onak" zekartzala Urduñatik nabarmendu zuen Aginakok, udalbatzan EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu baitzuen frankismo garaian Angel Salas Larrazabali eta beste hainbat frankistari hiriak eskainitako aitortza eta ohore guztiak baliogabetzea. Angel Salas Larrazabali, zehazki, "seme-kuttun" titulua kendu zioten, baita hiriak emandako "aginte makila" zein "urrezko domina" ere. "Sufrimendu itzela sortarazi zizuen pilotuari Urduñak eman zizkion ohore guztiak balio barik geratu direla esatera natorkizue".
Alkatearen iritziz, Urduñak ez zuen inolako ardurarik izan Otxandioko bonbardaketan, baina bai ohore horiek ematean: "Hori dela eta, Urduñaren izenean, barkamena eskatzen dizuet. Barkatu, mesedez, ohorerik mereezi izan ez zuen urduñar baten izena goraipatzeagatik. Gure ustez, ohore bat izatetik urrun, lotsa gorria da".