Leitza eta Urduña lotuko ditu Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxak. Uztailaren 30ean abiatuko da Nafarroatik eta abuztuaren 6an bukatuko da Urduñan. Helburua, euskal selekzioen aldeko aldarria egitea da. Martxaren inguruko informazio guztia mendimartxa.eus webgunean dago zintzilikatuta.
Partaideen erritmoa aintzat hartuz zortzi egunez 7-8 ordu ibiliko dira bataz beste mendian. Etapak 8:00etan hasiko dira, eta 17:00ak aldera aurreikusi dute amaitzea. Gutxi gora behera 20-30 kilometro egingo dituzte egunero. Antolakuntzak lotarako gune estaliak, dutxa, gosaria eta fruta eskainiko ditu. Alabaina, afarirako aukera ere egongo da. Iraupen eta janari eskaintzaren arabera bi prezio egongo dira. Martxa osoa egiten dutenek 300€ ordaindu beharko dituzte (150€ afaririk gabe), eta zeharkaldi erdia gauzatzen dutenek 200€ (100€ afari gabe).
Murgiatik Urduñara
Azken etapa Murgiatik Urduñarakoa izango da. 8:00etan aterako dira Murgiatik eta edonork izango du parte hartzeko aukera. Horrez gain, eguerdian amaiera ekitaldia egingo dute, eta ondoren bazkaria eta festa.