Urduñako kaleetako argiteria berritzeko bigarren fasea onartu zen atzoko udalbatzan. Aurreko ohiko bilkuretan landutako gaia izan da, izan ere, kontratatzeko pliegoetan moldaketak egin behar izan dituzte. Bestalde, 2015eko ekitaldiari dagokion Aurrekontuko Kontu Orokorrari behin betiko onespena eman zioten EAJ eta EH Bilduko zinegotziek.
OHZ eta Katastroa
Bizkaiko Foru Aldundiak eraikinen balioa eguneratuko du, 40 urte eta gero. Hori dela eta Ondasun Higiezinen Zergan (OHZ) ere moldaketak egongo direla aurreratu du udalak, baina udalbatzan gaia aipatu baino ez zen egin, hurrengo bilkuretan landu asmoz. 2016ko aurrekontuei dagokienez Plan ekonomiko-finantzarioa onartu zuten.
Udaltalde 21ekin akordioa
Jasangarritasuna hobetze aldera Euskal Herriko hainbat udalekin batera osatutako Udaltalde21 proiektuan parte hartzen jarraituko du Urduñako udalak. Euskadiko Autonomia Erkidegoko tokiko jasangarritasunaren aldeko konpromisoa berritzeko akordioa da onartu dutena.
Bestalde, maiatzean alkatetzan hartutako ebazpenen berri eman zuten. Horien artean daude terrazak jartzeko taberna eta jatetxeei baimenak ematea eta euskara sustatzeko Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluan parte hartzea, besteak beste. Halaber, bihar, ostiral arratsaldean, uda Urduñan igaroko duten haur saharauiarrei ongietorria egiteko festa antolatu dutela gogoratu zuten. Foru plazan izango dira ekitaldi guztiak, eta txokolatada, antzerkia eta sardina jana egongo dira hurbiltzen den ororentzat.