Maria Barberok Espainiako Kopako bigarren lasterketan parte hartuko du asteburu honetan Lleidako Alcarras udalerrian. Urduñako pilotoa larunbatean bertaratuko da Kataluniako herrira eta egunean bertan izango ditu entrenamenduak, igandeko lasterketa baino ordu batzuk lehenago.
Aurreko lasterketan 3. geratu ondoren, denboraldiko lehen garaipena lehiatuko du
Jerezen izandako lasterketan eroriko bat izan ondoren, hirugarren postua eskuratu zuen Mariak, motorrak kalte nabarmenak zituelarik. Open 1000 kategoriako pilotoak lehen garaipena eskuratu nahi du igandean eta posiblea bada sailkapeneko lehen postua ere lehiatuko du, urrian jokatuko den Los Arcoseko probaren aurretik.
Aurtengo helburua aurreko txapelketa berriro lortzea
Orain dela 29 urte jaiotako urduñarra, Zaragozan bizi da egun, lana eta kirola batera egiten dituelarik. Zortzi urte daramatza motoziklismoaren munduan eta jarraipena eman nahi dio etorkizunean erronka berriak eginez.
Pasa den urtean Open 1000ko txapelketa eskuratu zuen eta aurten helburu berarekin abiatu da, BMW S1000RR motorrarekin Espainiako Kopa irabaztea.