Udala gertu dago zorra mugatzeko konpromisotik

Maiatzeko udalbatzan landu ziren gaien artean, apirilean alkatetzan hartutako ebazpenen berri ematea, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatutako Doitze Plana dela-eta udaleko idazkari kontu-hartzaileak egindako txostena eta instituzioko zorraren egoera, hondakin organikoko frakziorako bosgarren edukiontzia akordioa eta Bilbo-Urduña arteko bidegorriaren inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozioa jorratu ziren.

Maiatzeko udalbatzan landu ziren gaien artean, apirilean alkatetzan hartutako ebazpenen berri ematea, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatutako Doitze Plana dela-eta udaleko idazkari kontu-hartzaileak egindako txostena eta instituzioko zorraren egoera, hondakin organikoko frakziorako bosgarren edukiontzia akordioa eta Bilbo-Urduña arteko bidegorriaren inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozioa jorratu ziren.

Alkatetzatik bideratutako akordioen artean Bihurtzeri elikagaien banaketan laguntzeko hitzarmena, frontoiko tabernaren kontratuaren kudeaketa... daude.

Udal zorraren egoera; helburutik hurbil

Bizkaiko Foru Aldundiak udalak duen zorraren inguruan eskatutako txostena ere aurkeztu zen osoko bilkuran.

2019rako gehienezko zorra %60 izatea exijitu zuen BFAk, eta itxi berri den 2015 urtean %63koa izatea lortu da.

Horretarako, hainbat neurri hartu dira. Batetik, Turismo bulegoa zegoen lokala (Foru plaza 3) eta udalak zuen denda (Kale Zaharra 2) saldu egin dira; lehendabizikoagatik 20.105€ ordaindu dituzte, eta bigarrenagatik 35.005€.

Bigarrenik, Eguneko Zentroa eta Hirugarren Adinekoen Egoitza bateratzeko neurriak hartu dira. Izan ere, Eguneko Egoitzak 10.262 euroko tarifa finkoa zuen, eta era honetan 19.897,96€ aurreztu dira gastuetan.

Horrez gain, aipatzekoa da diru sarrerak ere urritu egin direla, 12 erabiltzaile beharrean 6 egon baitira, eta 15.597€ gutxiago sartu dira.

Bestalde, herritarren arreta bulego berriari esker, udal baliabideen kudeaketan hobekuntza nabaria izan da, eta administrazioko laguntzaile postua aurreztea ahalbidetu du, 2014ko abenduaren 31n jubilatu zen langilearena, horrek 2015ean 57.222€ aurreztea ekarri ditu.

Gainera, eraikin publikoetako argiteria energia berriztagarriekin atontzeari esker, 2015eko laugarren hiruhilekoan 16.504€ aurreztu dira. Inbertsioei dagokionean, 2016an Artzentales etxea saltzea espero da, 60.000 euroko diru-sarrera suposatuko duena, egun, tramitazio prozesuan baitago.

Hondakin bilketa

Bizkaiko Foru Aldundiak Urduñako udalarekin lankidetza hitzarmena sinatu du, etxeko hondakinen frakzio organikoa tratatzeko zerbitzua emateko, hots, bosgarren edukiontzia (konpostajea, adarrak, etab).

Akordioan adostutakoaren arabera, udalak hondakinak bildu eta Bilboko Arraiz mendian dagoen konpostaje-plantara eramango ditu.

Hitzarmenak bost urteko iraupena du, baina automatikoki luzatuko da hurrengo 5 aldietan, gehienez 25 urte bete arte, aldeetako batek akordioa amaitutzat emateko adierazpenik azaldu ezean.

Era horretan, garapen jasangarriko ereduaren aldeko konpromisoa berretsi nahi du udalak. Hala, BFArekin batera herritarren partaidetza aktibo eta eraginkorrera bideratutako lan guztien berri emango diote elkarri, horretarako sortu duten Jarraipen Batzordearen bidez.

Urduña-Bilbo bidegorria

Halaber, EH Bilduk, Urduña eta Bilbo lotzen duen bidegorria bukatzea eskatu zuen mozio bidez.

Horrela, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari bidegorri sarea osatzeko lanak amaitzea eskatu zieten, eskualdearentzat oso garrantzitsuak baitira.

Batetik, Urduña, Amurrio, Luiaondo, Laudio, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldotik igaroko litzakeena dago. Bestetik, Bilbotik Arakaldorakoa (Bilbo, Etxebarri, Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Ugao, Zeberio, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo).

Zentzu horretan duela hamar urtetik bi proiektu ezberdin daude onartuta, Eusko Jaurlaritzaren Nerbioiko Parke Lineala eta Nerbioiko bizikleta-ardatza.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide