Junior kategoriako ziklismo Urduña Saria 10:30ean hasiko da zapatu honetan Foru Plazan. Otxomaioetan BTT eta trail Gau Martxa egingo da, hilaren 14an.
Beste urte batez estatu osoko egutegi ziklistaren proba zaharrenetako bat jokatuko da Urduñan maiatzaren 1ean, junior kategoriako Urduña Hiria Sari Nagusia hain zuzen ere. Goizeko hamar eta erdietan abiatuko dira txirrindulariak Foru Plazatik eta 90 km-ko ibilbide bat bete beharko dute, guztira 7 itzuli eman beharko dizkiote Urduñako inguruak zeharkatzen dituen zirkuitu bati (Foru Plaza - Arbieto - Vista Alegre - La Viña – Artomaña – Delika – Tertanga – Industrialdea -Foru plaza).
Horretaz gain, Urduñako Txirrindulari Elkarteak beste bi ekitaldi antolatu ditu umeentzat Otxomaio jaien harira: maiatzaren 9an egingo den gimkana, eta hurrengo zapatuan, hilak 14, goizeko 11:00etan hasiko den triatloia.
Hilaren 14an, Gau Martxa
Ez dira horiek izango maiatzean Urduñan izango diren txirrindularitza-proba bakarrak. Izan ere, Gualdetxu MBT Taldeak Urduña Hiria Gau Martxa prestatu dau laugarren urtez. Proba berezi bat egiteko asmoz eta bide batez jaiaz beste modu batera gozatzea dagoela erakusteko sortu zen lasterketa hau, eta dagoeneko ederto erakutsi dute, urterik urtera gero eta jende gehiago animatzen delako.
Aurten ere hiru ibilbide izango dira hirian hasi eta Larruazabaleko basabideetan barrera: bi mendiko bizikletan ibiltzekoak (29 km eta 17 km), eta beste bat korrika egiteko (12,5 km). Denak abiatuko dira Foru plazatik 22:00etan eta parte-hartzaile guztiek aurreko linterna eta mugikorra eraman beharko dute, bai eta kaskoa eta atzeko argi gorria bizikletan doazenek.