Urduñako udalak dinamika ezberdinen bitartez egokituko ditu hiriko gune berdeak. Besteak beste, zuhaitzen landaketa, lorategien berritzea eta ibaiaren garbiketari ekingo diote.
Zuhaitzen landaketa
Zikoina aldizkarian iragarri dutenez, 165 zuhaitz landatuko dituzte datozen asteetan Urduñako toki ezberdinetan. Apirilaren 2an, esaterako, Kintana kale inguruan ibiliko dira auzolanean. Bolatokiaren bueltan ere arbola berriak jarriko dituzte. Guneak identifikatzeko eta lehenesteko Bizkaiko Foru Aldundiko Mendien Arloko pautak jarraitu dituzte. Floraren berritzeak aurreko lege-agintaldian egindako ikerketa bat du oinarri. Bertan, zuhaitz guneak kontabilizatu eta bakoitzaren egoera zehatza diagnostikatu zen. Hala, azken hilabeteetan ekintza ezberdinak egin dituzte. Batetik, arbola batzuk kimatu dira, eta bestetik, beste batzuk moztu.
Ibaiari dagokionean URA uraren Euskal Agentziarekin udalak duen akordioari jarraiki erreka garbituko dute.
Auzolana ardatz
Ekainaz geroztik herritar talde batek hartu du lorategiak atontzeko gidaritza. Udalak azaldu duenez, loreen zaletasunak elkartu dituen herritarrak dira, eta dinamika propioa dute. Whatsapp talde baten bidez funtzionatzen dute, tarteka bilerak eginez. Hala, Urduña atontzeko proposamenak egiten dituzte, eta udalari aurkeztu. Udaletxeak, hortaz, eskaerak aztertu, baloratu eta kudeatu egiten ditu.
Ornamentazioaz arduratzen den taldeak udaleko brigada belarraren mantenuaz soilik arduratzea proposatu du, eta lorategia auzolan taldearen bidez kudeatzea. Ondorioz, udala jarduerak garatzeko materiala lortzeaz arduratuko da hemendik aurrera: erremintak, materiala...
Oraingoz 7 ekintza egin ditu lorategi taldeak. Udazkenean, esaterako, Foru plazako begoniak tulipengatik aldatu zituzten, landare hau ez baitago negua jasateko prestatua. Horrez gain, Posadako, Kale Nagusiko eta Alondegiko lorategiak ere berritu dituzte. Zageras kalean, berriz, hortentsiak landatu dituzte, eta Ortes Velasco jauregian larrosak. Udaberriari begira ekintza gehiago iragarri dituzte. Horien artean dago herritarrek balkoi eta terrazak apaintzeko eta ornamentazio lehiaketan parte hartzeko udalak loreak erosi eta banatzeko eskaera. Auzolan taldearen parte izateko interesa dutenek udal bulegora jo beharko dute.
Udalak herritarren inplikazioa eskertu du: "Nabarmentzekoa da urduñako bizilagunen ekarpenek duten garrantzia, beraiek baitira udalerriko benetako protagonistak".