Urduñako Txirrindulari elkarteak eta Txarlazo mendi taldeak apirilean gauzatuko duten kirol egutegia aurkeztu dute. Txirrinduzaleek, hilabetero bezala, larunbat guztietan egingo dituzte irteerak. Ibilaldien informazio guztia www.scorduñesa.com webgunean zintzilikatu dute.
Apirilaren 3an, esaterako, 9:30ean abiatuko dira Oroko santutegira (80km). Hilaren 10ean, aldiz, Balmaseda izango dute helmuga (85km), 17an Artea (80km), 21an Quincoces (95km) eta 30ean Murgia (100km). Lehenengo larunbatean izan ezik, 9:00etan aterako dira Foru plazatik kirolariak.
GPS aplikazioen ikastaroa eta mendi zeharkaldia
Txarlazo mendi taldeak, bestalde, ikastaroa eta mendi zeharkaldia egingo du apirilean zehar. Formakuntza saiorako bigarren asteburua aukeratu dute, hilaren 9 eta 10, hain zuzen ere.
Zehazki, sakelakoetako GPS aplikazioak landuko dituzte Lanbide Heziketan duten bulegoan. Aurreratu dutenez, larunbatean teoria landuko dute, eta igandean mendi irteera baten bitartez praktikan jarriko dute ikasitakoa.
Horrez gain, hilaren 24an, azken igandean, Angulo portua eta Urduña lotuko dituen zeharkaldia egingo dute. Horretarako autobus bat antolatuko dute, Anguloren magaleraino eramateko partaideak, abiapuntura oinez itzultzeko.