Urduña Hiria mendi bizikleta gau martxan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko. Gualdetxu Mendi Bizikleta Taldeak antolatutako probak laugarren edizioa izango du aurten eta hainbat berrikuntza izango ditu. Froga datorren maiatzaren 14an izango da, otxomaio jaien baitan. Izen emateak 12 euro balio du aldez aurretik eta 18 euro probaren egunean bertan.
Hiru ibilbide
Frogak hiru ibilbide ezberdin izango ditu, bi mendi bizikletan aritzekoak eta bestea trail eran. Mendi bizikletan 29 eta 17 kilometroko ibilbideak antolatu dituzte; luzeenean gainera 891 metroko altuera igoko martxak dituen maldetan, ibilbide motzean ordea 551 metro izango dira. Trail ibilbideari dagokionez partaideek 12,5 kilometro bete beharko dituzte. Proba denek anoa izango dute Lendoñobeitin.
Partaideentzako gomendioak
Antolatzaileek hainbat gomendio luzatzen dizkiete martxan parte hartu nahi dutenei; bizikletan argiak eramatea, aurrekaldean zein atzean, edota mugikorra soinean eramatea eskatzen dute, kaskoa eramatearekin batera beti ere.