2015 amaieratik Aduanan hamaika aldaketa egin du udalak. Batetik, bainuetxea garbitu dute, eraikina zikina eta kaltetua zegoela iritzita. Horrez gain, bertan pilatutako materiala udaleko espazio publiko ezberdinetan banatu dute, Alondegian, Biltegian edo Adinekoen Egoitzan kasu.
Bestalde, etorkizunean negoziaketei ekin ahal izateko azterketa ekonomikoa abiatu dute. Zehazki, Magma Hospitality Consulting enpresa ari da arduratzen bideragarritasun ekonomikoa ikertzeaz.
Era horretan merkatuaren egoera, bainuetxe eta hotel gisa eraikinak duen potentziala, gastuak... ikertuko dituzte. Helburua eraikinaren kanona ezartzea da, udalak eska dezakeen zenbatekoa jakiteko.
Lana martxoan bukatuko dute. Hurrengo pausoa, interesa izan dezaketen enpresa edo pertsonak bilatzea izango da, ondoren lizitazioari ekiteko.