2016ko ekitaldirako aurreikusten den zama finantzarioa aurkeztu zuten atzo Urduñako udalbatzan. Guztira, 4.224.968 euroko diru sarrera jaso dute aurrekontuan, eta 4.220.472 euroko gastuak.
Hortaz, 4.495,80 euroko superabita izango du Urduñako udalak aurten. Urduñederra SL-ak, berriz, 50.000 euroko defizita izan lezake, 450.293€ sartzea eta 500.392€ gastatzea espero baita.
Hortaz, udaleko ekonomialariak aurkeztutako informearen arabera 2016ko aurrekontuetan 45.504,20 euroko desoreka izango du udalak.
Beste hainbat gai ere jorratu ziren udalbatzan. Esaterako, liburutegiko laguntzaile postua ezabatzea, egungo behargina jubilatzera baitoa.
Lendoñobeiti, Lendoñogoiti, Mendeika eta Belandia ere izan ziren protagonista, zerbitzu publikoen kudeaketa hobetzeko akordioa onartu baitzuten alderdiek. Horrez gain, eraikin publikoen garbiketaz arduratzen den enpresari urte batez luzatu diote akordioa.