"Aiaraldean airearen kalitate erradiologikoa, oro har, ona da"

Erredakzioa 2016ko ots. 23a, 08:52

SAROA ROZAS GUINEA (Urduña, 1986) EHUko ikertzailea da eta Bilboko kalitate erradiologikoa aztertu du. IKerketa horren ondorioak azaldu ditu.

Ikerketa gauzatu duzue EHUk Bilboko kalitate erradiologikoa aztertzeko, zein izan da emaitza eta zuen ondorioa?

Alde batetik, jatorri artifizialeko erradionukleidoak Bilboko airean ez direla ageri edo oso aktibitate-kontzentrazio txikian aurkitzen direla ikusi dugu.

SAROA ROZAS GUINEA (Urduña, 1986) EHUko ikertzailea da eta Bilboko kalitate erradiologikoa aztertu du. IKerketa horren ondorioak azaldu ditu.

Ikerketa gauzatu duzue EHUk Bilboko kalitate erradiologikoa aztertzeko, zein izan da emaitza eta zuen ondorioa?

Alde batetik, jatorri artifizialeko erradionukleidoak Bilboko airean ez direla ageri edo oso aktibitate-kontzentrazio txikian aurkitzen direla ikusi dugu.

Beste aldetik, jatorri naturaleko erradionukleidoak – uranioaren eta torioaren kate erradiaktiboetakoak, 40K eta 7Be – Erradiazio Atomikoen Eraginak Aztertzeko Nazio Batuen Batzorde Zientifikoak (UNSCEARek) argitaratutako gutxieneko balioen pareko aktibitate-kontzentrazioan direla hauteman dugu.

Hau dela eta, iraganeko eta gaur egungo jarduera industrialek eta sanitarioek Bilboko airearen kalitate erradiologikoan eragin esanguratsurik ez dutela ondorioztatu dugu.

Zein da erabili duzuen metodologia?

Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko teilatu lauan dagoen aire-laginketako estazioan airean esekita dauden partikulen laginketa jarraitua urtebetez (2013ko ekainetik 2014ko ekainera), astero, egin dugu.

Laginketak bukatu bezain laster, laginak eskolako Aktibitate Baxuko Neurketen Laborategian gamma espektrometria bidez aztertu ditugu.

Ondoren, hautemandako erradionukleidoen aktibitate-kontzentrazioa kalkulatu dugu, haien eraketa eta desagerpen bideak atmosferan aintzat hartzen dituen programa baten bidez, laborategian garatutakoa.

Honela, bizitza luzeko erradionukleidoen aktibitate-kontzentrazioa, baita bizitza laburrekoena ere, determinatu ahal izan dugu.

EHUko Aktibitate Baxuko Neurketen Laborategiak, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kontrol erradiologikoa egiten du, zein da egoera oro har? Eta Aiaraldean?

Aiaraldean nola Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn), airearen kalitate erradiologikoa oro har ona dela esan dezakegu, Bilbon bezala.

Bilbo iragan industrial esanguratsua eta hurbila duen hirigunea da, mendiz inguratuta dagoena; hau da, poluzio atmosferikoaren ikuspuntutik baldintza desegokiak biltzen dituen tokia. Hau dela eta, ikerketa egiteko toki egokitzat jo genuen. Bertan airearen kalitate erradiologikoa ona izanik, EAEko beste tokietan ere ona izatea espero izatekoa da.

Dena dela, Bilbon, Donostian eta Gasteizen kontrol erradiologikoa burutzeko estazio automatikoak direla eta elkarri lotuta Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen “EAEko Zaingo Erradiologikoko Estazioen Sarea” osatzen dutela adierazi beharra dago.

Sare honen bidez erradiaktibitate-mailaren neurketa jarraituak egiten dira eta lortutako dosi-tasa balioak Eusko Jaurlaritzaren web orri batean irauli egiten dira, guztion eskura egon daitezen. Dosi-tasa balio hauen arabera ere, airearen kalitate erradiologikoa gure lurraldean oro har ona dela esan daiteke.

Zeintzuk dira erradionukleidoek dauzkaten eraginak izaki bizidunengan eta gizakiengan, zehazki?

Sortu zenetik, bizia jatorrizko erradionukleidoek edo erradionukleido kosmogenikoek eragindako erradiaktibitatearekin batera garatu da.

Hori dela eta, izaki bizidunek erradiaktibitate-maila bat jasaten dutela onartzen da. Aldiz, erradiaktibitate-maila hori gainditzen denean, izaki bizidunetan eragin biologikoak azal daitezke. Eragin hauek bi motatakoak izan daitezke: estokastikoak eta ez-estokastikoak.

Eragin estokastikoetan erradiazio ionizagarriak zelulak osatzen dituzten molekulen egitura eraldatzen du, eta ondorioz, zelula bat edo zelula gutxi batzuk kaltetzen dira. Eragin mota hau probabilistikoa da eta dosi-mailarekin batera, bere probabilitatea handitzen da.

Eragin ez-estokastikoetan, ordea, dosi-maila batetik aurrera (oso dosi-maila altuetan) bakarrik azaltzen dira ondorioak.

Hauen artean azalaren gorritzea (eguzki erreduren modukoa), begi-lausoa edo, kasurik latzenean, zelula-heriotza daude. Eragin mota hau, bestea ez bezala, zelula kopuru handietan ematen da.

Nola agertzen dira atmosferan?

Erradionukleidoak atmosferan lau bide medio ager daitezke: jarduera industrial eta sanitario jakin batzuen isuriekin batera, lurzorutik gas edo partikula gisa berez askatzean, erradiazio kosmikoak eraginda eta kate erradiaktiboetako aitzindarien desintegrazioaren ondorioz.

Bistan denez, lau bide hauen artean izaera artifiziala duen bakarra lehenengoa da; gainontzekoena naturala da.

Eskualdean bi mehatxu daude horiei loturik, gutxienez; Garoña eta Frackinga (suposatzen da lur azpiko erradioaktibitatea askatu dezakeela teknika horrek), zein da zure iritzia horri buruz? Bistakoak ez diren beste batzuk daude?

Frackingean ez beste mehatxuetan oso aditua ez naizela aitortu behar dut. Dena dela, nire ustez, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak ikerketetan, azterketetan eta txosten teknikoetan oinarrituta bi jarduera hauek baimentzen baditu, ingurumenaren eta biztanleon babes erradiologikoa bermatzen duten frogak dituelako da.

Segurtasun nuklearraren eta babes erradiologikoaren aldeko ekimenetan lan egiten duen heinean, ez dut uste Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak gu arriskuan jarriko gintuenik.

Zeintzuk dira zure ikasketak eta nola hasi zinen esparru horretan?

Nire ikasketak ingurumenarekin erlazionatuta daude: Ingurumen Zientzietan lizentziatua eta Ingurumen Ingeniaritzan doktorea naiz. Ingurumen Zientzietako lizentziatura bukatu ondoren, Ingurumen Ingeniaritzako Ikerketa masterra hasi nuen.

Masterrean ikerketa proiektua egin behar nuela eta, EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko irakasle batekin harremanetan jarri nintzen, erradiaktibitate eta babes erradiologikoarekin erlazionatutako gaiak betidanik asko interesatu zaizkit eta.

Masterreko ikerketa proiektua esandako sailean egin ostean, doktoregoa bertan egiteko aukera eman zidaten eta honen ondoren, irakasle eta ikertzaile lanpostua lortu nuen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide