2015 urtea ixtearekin batera Urduñako Biltegiaren balorazoia aurkeztu du Urduñako udalak. Guztira, 132 familiak eskuratu dituzte Biltegiari esker janaria, arropa, jostailuak edo altzariak.
Elikagaien kasuan 74 izan dira hilean behin hornitu dituzten familiak, 222 pertsona. Horretarako Europatik 10.207,57 kilo jaso ditu biltegiak, eta Bizkaiko Elikagai Bankutik 7.175,50 kilo. Bihurtze elkarteake ere astero jaso ditu elikagaiak Urduñako komertzioetan. Udalak, berriz, 6.793 kilo janari erosi ditu, bereziki esnea, gailetak eta pasta.
Arropa eskaintzaren baitan 228 eskaera bideratu dira 2015ean. Hain zuzen ere, pertsona bakoitzari hiruhilero -alegia, urtaroka- erabiltzeko arropa sorta banatu zaio. Altzariei dagokienez 95 objektu kudeatu dira, eta jostailuen alorrean 68.
Urduñako udalak gogorarazi duenez, eskaerak egin edo egoera onean dauden bigarren eskuko objektuak uzteko asteartetan (10:00-12:00) eta ostegunetan (18:00-20:00) dago zabalik Biltegia.