Urduñako Txarlazo mendi taldeak eta Jubilatuen Klubak hainbat ekintza antolatu dituzte otsailerako. Hilaren 14an, esaterako, Urduña inguruko errotak ezagutzeko ibilaldia egingo du Txarlazo taldeak. Irteera 09:30ean izango da Foru plazatik.
Otsailaren 28an, berriz, Gipuzkoako Iruntxur mendira joango dira, 743 metrora dagoen tontorra zapaldu asmoz. Horrez gain, sagardotegian bazkalduko dute. Bigarren txango honen prezioa 35 eurokoa da, eta txartelak nola autobusa hala sagardotegiko bazkaria barnebilduko ditu. Interesa duten pertsonek Marrazki tabernan eman beharko dute izena.
Jubilatuak, Alpetara
Urduñako Jubilatuen Klubak, berriz, Suitzako alpeetara egingo duen bidaia aurkeztu du. Egonaldia ekainean izango da, 19tik 25era, hain zuzen ere. Parte hartzeko, ordea, otsailaren 24an eta 25ean apuntatu beharko da jubilatuen egoitzan. Oporraldia pertsona orori zuzendua dago.