Laino opilaren barnerainoko bidaia

Naturayala blogak laino opilaren nondik norakoak azaldu ditu, antropologiaren zein metereologiaren aldetik (Argazki guztiak Javi Ruiz Lilik egin ditu):

Naturayala blogak laino opilaren nondik norakoak azaldu ditu, antropologiaren zein metereologiaren aldetik (Argazki guztiak Javi Ruiz Lilik egin ditu):

Kondaira zahar batek dionez, Txarlazoren azpiko baso sakonean herensuge bat bizi zen, eta ingurutik igarotzen ziren gizakiak jan egiten zituen erruki barik, batik bat, laino opila Urduñako arkaitzei atxikituta geratzen zenean. Herensuge Euskal mitologiaren jeniorik nabarmenenetakoa da; ahotik sua eta begietatik pozoia botatzen zituen. Eskualdeko populazioa izuturik zeukan eta hondamen ikaragarrien sortzailea zela uste zuten Urduñan.

 

Ahoz-aho eta belaunaldiz-belaunaldi kontatu izan den elezahar horrek agerian utzi digu laino opilak duen misterioaren sustraiak oso sakonak direla.

 

Gaur egun, XXI. mendean gaudela, zientziara jo dugu fenomeno hori hobeto ulertzeko. Onintze Salazarrek, Euskalmeteko meteorologoak, baieztatu digunez, «laino opila udazken eta neguko antizikloiekin sortzen da, eguraldia egonkorra denean, zeruak garbi daudenean, tenperatura baxuekin eta haize leunarekin, hegoaldeko zantzuarekin».

 

Egoera horretan, Losa haranean inbertsio termiko baten ondorioz sortzen den behe-laino trinko eta pisutsua arrastaka mugitzen da hego haizeak bultzatuta, Gorobel mendilerroko gailurretaraino. Amildegira heltzean jauzi egiten du halabeharrez iparreko mendi-mazel erdiraino kotoizkoa dirudien hodei-jausi erraldoia sortuz.

Hodei hotz hori maldan behera «jaisten hasten denean, bailaratik gora igotzen den aire epelagoarekin egiten du topo. Ondorioz, behe-laino hori desegiten edo desagertzen hasten da, aire epelak lainoaren ur-tanta txikiak lurruntzen baititu», dio Salazarrek. Tenperatura ezberdinetan dauden haize-korronte bi hauen arteko topaketa gozo-gozo amaitu daiteke, baina sarritan jira eta bira etengabe dabilen hodei-zurrunbiloa azaltzen da.

 

 

Laino opila dozena erdi aldiz azaltzen da urtean zehar, gauez zein egunez, eta amildegira atxikituta dagoen denbora aldakorra da. Batzuetan ordu batzuk besterik ez da geratzen; bestetan, egun luzeak eman ditzake, sortarazi duten baldintzak desagertu arte, alegia. Epe horretan Urduñan eguzkia da nagusi, baina menditik datorren haize hotzak sortzen duen egoera sano desatsegina da. Hodeiaren barruan, berriz, airearen hezetasun erlatiboa erabatekoa da eta ez dago ikuspenik.

Laino opilaren barneko tenperatura ere ez da beti bera izaten. Euskalmetek Txarlazoren tontorrean (934 m), duen estazio meteorologikoan hartutako datuen arabera, gehienetan 0 eta 6 graduren arteko tenperatura izan ohi da.

 

Lantzean behin, halere, hotzak inguruan dagoen ura izoztu egiten duenean, paisaia zuriz janzten da. Orriak, adarrak, enborrak, harriak, alanbreak, hesolak... airean dagoen guzti-guztia izoztu egiten da, eta askotan hainbat zentimetroko izotz zatiak sortzen dira, haizeak modelaturik, korronteak markatutako norabidera begira.

 

Hodei berezi honen barruan izaten den tenperatura 18 gradu zero azpikoa izaten dela dio urduñarren artean oso zabalduta dagoen beste uste batek. Halabaina, azken sei urteotan Txarlazon laino opilaren barruan neurtu den minimoa -4 ºCkoa izan da, 2013ko abenduan. Horrez gainera, Meteorologia Euskal Agentziak toki horretan tenperatura neurtzen duenetik (2001) erregistratu den minimo absolutua -laino opilarekin edo laino opilik gabe- -8,7 ºCkoa izan da (2005ko otsaila).

 

Sentsazio termikoa laino bitxi honen baitan, berriz, erraz hel daiteke -20 graduetara dabilen haizearen erruz. Normalean hego-mendebaldetik jotzen baitu 40 eta 70 km/h bitarteko abiaduraz.

 

Laino opilaren luzera ere aldakorra da. Gehienetan Txarlazo inguruan agertzen da, Urduñako mendatetik Txolopeko gailurrera bitartean, hau da, lau bat kilometro estalirik. Ez ohiko egoeratan, aldiz, lainoa Gorobelgo amildegi osoa inguratu dezake, Nerbioiaren ur-jauzitik Eskutxiko tontorreraino, hamalau kilometroko laino-jauzia sortuz.

 

 

Edozelan ere, zortekoak gara benetan aparta den fenomeno honez etxean bertan gozatzeko aukera dugulako. Onintze Salazarrek dioenez, «ez da erraza holako laino bereziak munduan aurkitzea, izan ere orografiak eragindako fenomeno bat denez, antzeko orografia eta antzeko egoera meteorologikoak eman behar dira». Halere, badira ezagunak diren beste batzuk ere, adibidez, Tarragonan (han laino opilari La peluda esaten diote), La Palman (Kanariar Uharteak), Lurmutur Hirian (Hegoafrika), Malibun (Kalifornia, EE BB), Ipar Carolinan (EE BB) edo Ternuan (Kanada). Hodei-jausi guztiak dira oso erakargarriak, baina duda barik Urduñakoa ikusgarrienetakoa izateaz gain, bere baitan herensuge itzela gordetzen duen bakarra da.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide