Atzo izan zen urtarrileko udalbatza Urduñan, eta frontoiaren alokairu sistema zein Urduñako erroldaren eguneraketa landu zituzten. 2015eko urtarrilaren 1eko biztanleriaren zifra ofizial egin zuten, eta emaitza aurkeztu: 4.186 herritar ditu Urduñak.
Udal frontoiaren tarifak
Bestalde, udal frontoia erabiltzeko proposamena aurkeztu zuten, orduka kantxa alokatzeko tarifa proposamenarekin. EH Bilduk alde bozkatu zuen, eta EAJk abstentzioa. Hala, zelaia argiekin erabili nahi duten erroldatuek 5.30€ ordaindu beharko dute orduko, eta erroldatu gabeek 8.70€.
Argirik gabe, aldiz, 4.10€ izango da erroldatuentzako prezioa, eta 6.15€ gainontzekoentzakoa. Irabazi asmorik gabeko elkarteek erroldatu gabeen tarifak izango dituzte.
Gainontzeko eragileei egun erdiagatik 118.50€ kobratuko zaie (enpresei, alderdi politikoei, sindikatuei eta kirol jarduerarik egingo ez dutenei, hain zuzen) eta osoagatik 219.15€.
Salbuespenak: kultur eta kirol elkarteak
Alabaina, instalazioak egunerokotasunean erabiltzen dituzten kirol edo kultur elkarteak tarifetatik salbuetsita egongo dira, alegia, frontoia doan erabili ahal izango dute.
Horrez gain, irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatzen dituzten jarduera puntualek ez dute tarifarik izango baldin eta urduñarren interes orokorrekoak badira.
Gainera, 16 urtetik beherakoek frontoia doan erabili ahalko dute aurrez erreserbarik egina ez badago eta Urduñan erroldatuta badaude. Edozelan ere dutxen zerbitzuagatik 2€ ordaindu beharko dira pertsonako.