"Rol jokoek duela 20 urteko "kondaira beltza" galdu dute"

Erredakzioa 2016ko urt. 25a, 13:09

JOKIN GARCIA LABORDA (Bilbo, 1978) Abaco elkarteko kidea da; martxoaren 24tik 27ra bitarte rol jokoen topaketak prestatu dituzte Urduñan.

Topaketa batzuk egingo dituzue Aste Santuan Urduñan, zeri buruz?

"Omicron" izeneko topaketa antolatuko dugu, jokoen inguruan, batez ere rol jokoen inguruan, baina ez da ekintza bakarra izango. Kartak eta mahai jokoak ere eskainiko ditugu, eta baliteke mozorroen txapelketa (Cosplay) eta horrelakoren bat egitea.

JOKIN GARCIA LABORDA (Bilbo, 1978) Abaco elkarteko kidea da; martxoaren 24tik 27ra bitarte rol jokoen topaketak prestatu dituzte Urduñan.

Topaketa batzuk egingo dituzue Aste Santuan Urduñan, zeri buruz?

"Omicron" izeneko topaketa antolatuko dugu, jokoen inguruan, batez ere rol jokoen inguruan, baina ez da ekintza bakarra izango. Kartak eta mahai jokoak ere eskainiko ditugu, eta baliteke mozorroen txapelketa (Cosplay) eta horrelakoren bat egitea.

"Ordutegia 24 ordu non-stop izango da, ostegunetik igandera, eta kanpoko jendea etor dadin (Bartzelona, Valladolid, Iruñea...), 100 pertsonek lo egin dezaten lekua egongo da, Urduñako udalak utzita".

Gainera, jardunaldiak amaitzean gure babesleak emandako materiala oparitu ahal izango dugu partaideen artean.

Zeintzuk dira jardunaldien helburua?

Gure helburua, batez ere, ondo pasatzea da, bai gu zein gure topaketetara etortzen direnak, eta jakina, gure hobby-a aldarrikatzea eta rol jokoak zer diren jakitea nahi duen edonori, modu dibertigarriaz azaldurik. Zein da modu dibertigarri hau? Jolastuz, jakina.

Bestalde, hobby hau ezagutzen duen edonorentzat topagune bat izatea ere da gure helburua, ezagunak direnentzat eta jende berriarentzat.

Egia esan, hitzordu mota hauek lagun berriak egiteko primerako aukera da. Eta sinetsi esaten badizuet badaudela bikotea aurkitzen dutenak eta guzti, rolari esker!

Zenbat parte hartzaile egongo dira zuen ustez?

Antzerakoak izan diren beste elkarte batzuek antolatutako hitzorduak kontuan hartuta (Errenteriako Topaketa Errunikoak edo Huarteko Umbrak) uste dugu 4 egunetan 150 eta 350 lagun inguru etorri ahal izango direla.

Adin guztiko jendea etortzen da, baina normalean 15-16 urtetik 40 urte baino gehiagokoa.

Azalduko duzue zer ezberdintasun dagoen rol jokoen, rol biziaren eta karta jokoen artean?

Uf, hau bai galdera zaila. Jokoak dira guztiak, baina oso gauza ezberdinak dira, eta agian ez dago antza handia karten jokoen eta rolaren artean. Akaso gaiaren aldetik antzerakoak izaten dira batzuetan, baina oso bestelakoak dira.

Karta jokoak, izenak adierazten duen moduan, kartekin jolasten direnak dira (Mus eta Tutea, adibidez), baina badira jokoak haien karta propioak dituztenak, eta askotan bildumagarriak (ezagunena Magic: The Gathering da), eta salbuespenak badaude, normalean joko hauetan irabazleak eta galtzaileak daude.

Mahai jokoak ezagunagoak dira. Arazorik gabe zenbatu ahal izango zenituzke batzuk; Monopoly, Risk, Partxisa, Xakea... Mahai jokoen mundua oso handia da, eta eskaintza izugarria dago. Adibidez geure txokoan 100 titulu ezberdin baino gehiago dauzkagu.

"Rol jokoak, aldiz, ez dira lehiakorrak; ez dago irabazle ez galtzailerik. Antzerkiarekin dauka zerikusi handia".

Ezagunena "mahaiko" rola da: zuzendari batek egoera bat deskribatzen du eta jokalari bakoitzak bere pertsonaiak zer egiten edo esaten duen adierazten du... dena jokalarien irudimenean.

Rol bizia bestalde (gaztelaniaz "Rol en vivo" deritzonak) antzerki hutsa da, ez duzu deskribatzen zure pertsonaiak egiten duena, egiten baituzu. Ekintzaren arabera, jakina. Ezin duzu beste jokalari bat inoiz jipoitu, adibidez!

Rol partidetan parte hartzeko aditua izan behar dute interesdunek edo nahi duenak jolas dezake?

Ez da beharrezkoa esperientziarik rol partidak jokatzeko. Behar da joera positiboa eta ondo pasatzeko gogoak. Nik 25 urte baino gehiago daramatzat honetan eta askotan ikusi ahal izan dut jokalari berri batek beteranoek bezain ondo egin dezakeela, inongo arazorik gabe.

Azken finean "ondo" edo "gaizki" egitea guztiz erlatiboa da. Dibertitu egin zara? Zure jolaskideak dibertitu egin dira? Orduan ondo egin duzu.

Rol jokoen inguruan dauden aurreiritziak ezeztatzeko aukera izango da jende askorentzat?

Primerakoa, eta gainera hori da gure helburu, rol jokoak ezagutaraztea eta zaletasun normal bat dela erakustea.

"Zorionez, nik uste dut honen bidea duela denbora hasi zen eta rol jokoek, nahiz eta jende askorentzat ezezagunak izan, ez daukate duela 20 urte zeukaten "kondaira beltz" hori".

Lehen, rol jokoa 4 "frikien" gauza zen, eta gaur egun denetarik aurkitu dezakegu. Nik ezagutzen ditut rolean aritzen diren irakasleak, zientzialariak, aktore profesionalak, medikuak, psikologoak, poliziak, abokatuak... benetan, denetarik.

Oraindik rola ezagutzen ez dutenentzat, zein da zuen ustez egitarauko ekintzarik aproposena?

Dudarik gabe, rol jokoen partidak. Oraindik ez dugu programa itxi, baina pilo bat partida zabal edukitzea espero dugu. Gai erakargarria daukan bat aukeratu dezan eta beldurrik gabe jolastu dezala.

Beste kontu bat, agian jardunaldietan hurbilduko gara Urduñara bideo bat grabatzeko edo.

Ongi etorriak izango zarete!

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide