Irisgarritasuna Aiaraldean

"Tren zerbitzua egokituz gero nire kabuz joango nintzateke errehabilitazioa egitera"

Erredakzioa 2016ko urt. 8a, 09:16

MARIA LUISA GOIKOETXEA (Urduña, 1960) burmuineko hemorragia izan zuen 2014an eta mugikortasun arazoak dauzka geroztik. Errehabilitazioa egiteko Bilbora jo behar du baina Renfek ez du bere zerbitzua egokitu. Hori konpontzeko, sinadura bilketa abiatu du Maria Luisak.

Nola bururatu zitzaizun sinadura bilketa hastea?

MARIA LUISA GOIKOETXEA (Urduña, 1960) burmuineko hemorragia izan zuen 2014an eta mugikortasun arazoak dauzka geroztik. Errehabilitazioa egiteko Bilbora jo behar du baina Renfek ez du bere zerbitzua egokitu. Hori konpontzeko, sinadura bilketa abiatu du Maria Luisak.

Nola bururatu zitzaizun sinadura bilketa hastea?

Egunero idazten diet lankideei mezu elektroniko bat, asko lagundu nautelako. Nirekin oso ondo portatu dira. Kontua da nirekin lan egiten zuen fisioterapeuta batek aipatu zidala Abandon badaukatela mugikortasun-urritasuna duten pertsonentzako gailua.

Telefonoa eskegi bezain laster hasi nintzen honekin. Egia esanda, faltan botatzen dut nire lana eta gainera errehabilitazio zentrora joateko erabili nahi dut trena.

"Nik ez dut obra handirik eskatzen. Tren bakoitzeko soilik bagoi bat egokituko balute nahikoa litzateke. Arrapala bat jar dezakete geltoki bakoitzean aipatutako gailua jarri nahi ez badute".

Nik ez dut uste hain zaila denik. Ez dut ulertzen zergatik ez duten oraindik egin, gainera jende orok esaten dit legez egin beharko luketela. Ez dakit zergatik enpresa publiko batek ez duen legea betetzen.

Finean, ez dauka zentzurik.

Zer suposatzen du zuretzat trena ez erabiltzeak?

Urduñan harrapatuta nago. Jendearen menpe nago Urduñatik ateratzeko eta herria oso ederra bada ere badago bizitza kanpoan.

Ospitaleratu nindutenean faltan botatzen nuen herria baina orain apur bat itota sentitzen naiz.

Zer nolako maiztasuna dauka zure errehabilitazio tratamenduak?

Astean hiru aldiz joan behar dut Bilbora, Aitamendiko zentrora. Aukera izan ezean etxean egiten dut errehabilitazioa, baina Bilbon jarraitu nahi dut, zehatzagoa baita -Yoga egokitua egiten dut, adibidez-, etxean mugatuta nago. Hipoterapia ere egiten dut Lezaman.

Hori guztia baino lehen, Gurutzetan, Gorliz eta Arrasaten -Aitamendin- egon naiz ospitaleratuta.

"Trena erabiltzeko paradarik ez dudanez nire senarrak lan egiteari utzi behar dio eta semeak ikasi gabe geratu behar du ni Bilbora eramateko. Batzuetan ez dut egin errehabilitaziorik".

Tren zerbitzua egokituko balute nire kabuz joateko parada izango nuke. Abandora eramango ninduke trenak eta hortik nire ibilgailua erabili dezaket zentrora joateko.

Duela egun gutxi abiatu zenuen sinadura bilketa eta dagoeneko 1000 sinadurako muga gainditu duzu. Zein da hurrengo urratsa?

Hoberena da ahalik eta gehien jasotzea. Dena den, ni ez naiz aditua eta sare sozialak ez ditut menperatzen. Ekimena abiatu nuenean ez nekien 1000 sinadura asko ziren edo ez. Ezusteko atsegina izan da jendearen erantzuna.

Jendearen harrera oso ona izan da eta nik beti esaten dut egoera honek gauza onak ere eman dizkidala, lagun oso onak baitauzkat eta Urduñako jendeak oso ondo hartu nau-eta. Maitasun asko eman didate.

Burmuineko hemorragia izan baino lehen oso aktiboa zinen, ezta?

Nik osasun-zentro batean lan egiten nuen eta egun batetik bestera hemorragia izan nuen. Aneurisma bat diagnostikatu zidaten baina beste aneurisma batek eragin zidan hemorragiak. Azkenean, aurretik topatutako aneurisma ez zen benetakoa, txantxa makabroa ematen du.

Nire bizitza oso polita zen. Egunero Bilbora joaten nintzen autoz, oso gogoko nuen lana, medikua nintzen. Foru Aldundiko eta Osakidetzako osasun-zentro batean lan egiten nuen.

Nire kasuan tratatzen nuen ospitaletik ateratzen zen jendea, baina guztiz osatu gabe zeudenak. Hau da, gure zentroan osatzen ziren guztiz. Lana izugarri botatzen dut faltan.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide