Alondegian hasi du ikasturtea Urduñako Gazteguneak. Lekua, ordea, ez da izan aurtengo berrikuntza bakarra. Batetik, erabiltzaileentzako bazkide txartelak sortu dituztelako. Eta, bestetik, materiala egokitu dutelako. Hala, Gazteguneko kideek karnet propioa dute azaroaz geroztik. Era honetan, zerbitzua hobetzeaz gain, materiala eskuratzeko edo uzteko sistema eraginkortu du Urduñako udalak, erabiltzaileen kontaktua eskura izango baitute. Azaldu dutenez, bazkide fitxan izen-abizenak, jaiotza data, argazkia eta guraso edo tutoreen kontaktua jaso dute. Zerbitzua zein karneta doakoa da, baina izen-ematea guraso edo tutorearekin egin beharko dute interesa dutenek.
Gabonetako egitaraua
Bestalde, gabonetako programazioa aurkeztu du Gazteguneak. Arduradunen arabera, tailerrak eta irteerak izango dira nagusi. Izan ere, pin-era, izotz pistara eta eskiatzera joateko txangoak antolatuko dituzte. Tailerren artean, pizza eta apaingarriak egiteko saioak nabarmentzen dira. Horrez gain, photocalla eta ping-pong txapelketa ere egingo dituzte.