Urduñar berrien bizipenek Alondegia koloreztatu dute, lau egunez

Txabi Alvarado Bañares 2015ko aza. 28a, 13:06

“Urduñar berriak” izan dira ADRATAN etnografia elkarteak Urduñan antolatutako jardunaldien protagonistak. Lau eguneko ekimena izan zen, azaroaren 5etik 9ra bitartekoa. Alondegian egin zituzten hitzaldi eta mahai-inguru guztiak, eta aretoa txiki geratu zen, ehundik gora herritar bertaratu baitziren egunero.

“Urduñar berriak” izan dira ADRATAN etnografia elkarteak Urduñan antolatutako jardunaldien protagonistak. Lau eguneko ekimena izan zen, azaroaren 5etik 9ra bitartekoa. Alondegian egin zituzten hitzaldi eta mahai-inguru guztiak, eta aretoa txiki geratu zen, ehundik gora herritar bertaratu baitziren egunero.

“Esposatze eder hau antolatu du ADRATAN elkarteak, urduñar guztiok bisita dezagun”. Hala zioen hilaren hasieran Urduñan antolatutako jardunaldiei hasiera emateko Jose Luis Bigurik abestutako jotak. Urduñar guzti-guztiak ez ziren egon, baina bai asko. Alondegiko aretoa txiki geratu zen jardunaldiak iraun zituen lau egunetan, ehundik gora herritar bertaratu baitziren. Alde horretatik “zorte handia” izan zuten ADRATANekoek, elkarteko kidea den Marisa Bergonen hitzetan.

Jardunaldi monografikoak dira udazken partean ADRATANek antolatzen dituenak. Iaz nekazal eremuko emakumeen esperientziak bildu zituzten. Aurten, berriz, beste herritar batzuen bizipenak jarri nahi izan dituzte mahai gainean: Urduñan jaio ez direnenak, urduñar berrienak, hain zuzen. Lau egun baliatu zituzten horretarako, azaroaren 5etik 9ra.

Migrazioen arrazoi historiko eta sozialak izan zituzten hizpide lehen egunean. Hurrengo bietan, berriz estatu barneko immigranteen eta atzerritik gerturatutakoen bizipenak mahai-gaineratu zituzten

Jose Mari Garaio soziologoa izan zen hitza hartzen lehena. Migrazioen nondik norakoen inguruan mintzatu zen. Adierazi zuen gaur egun migrazioak “masa-fenomeno unibertsal” bilakatu direla, eta ugariak eta anitzak direla bizitokiz aldatzeko norbanakoek izan ditzaketen arrazoiak. Zentzu horretan, arrazoiak beti sozio-ekonomikoak direnaren estereotipoarekin amaitu egin behar dela aldarrikatu zuen aiaraldearrak.

Historiaren funtsezko atal
Migrazioek Urduñaren historian izan duten garrantzia nabarmendu zuen Garaiok bere hitzaldiaren bigarren zatian. Soziologoak erantsi zuen “funtsezko faktore” izan direla migrazioak hiriaren bilakaera historikoan. “Erdi Aroan jada ematen ziren migrazioak. Harresidun hiria izateak inguruko landa-guneen erreferentzia izatea zekarren. Hortaz gain, aduana funtzioa ere betetzen zuen Urduñak, zuen kokapena medio”. Hori dela eta hasi ziren gerturatzen beste herrialdeetako pertsonak, merkatari frantsesak eta judutarrak tartean, Garaioren esanetan.

Baina migrazioak ez ziren norabide bakarrekoak izan. Egon ziren urduñatik alde egin zutenak ere, “erresumaren hiriburura funtzionario moduan lan egitera edo Ameriketako kolonietara bizitzera gehienak”. Juan Ortiz de Zarate jarri zuen Garaiok adibide moduan, Ameriketara bizitzera joan eta bertako printzesa inka batekin ezkondu zen urduñarra.

1950tik aurrera industria ertaina garatzen hasi zen hirian. Horrek Estatu Espainiarreko hainbat zonaldeko langileak erakarri zituen. “1970an Urduñan zeuden biztanleen % 40 baino ez zen hirian jaioa, gainontzekoak beste leku batzuetatik bertaratutakoak ziren, Gaztela-Leoi, Galizia edota Extremaduratik”.

Migrazioen onurak
Nuria Telleriak, bere aldetik, baieztapen batekin hasi zuen bere saioa: migrazioak “onura ugariko fenomenoak” direla. Zergatik? “Populazioa gazteagoa izatea lortzen dutelako, langile kualifikatuak ekartzen dituztelako, sektore ekonomikoak dinamizatzen dituztelako, etxebizitza eskaria handiagotzen dutelako eta zerbitzu publikoetan moldaketa eragiten dutelako”. Hala ere, aitortu zuen ulertzen dituela migrazioaren inguruan dauden beldurrak, baina beldur horiek “mundua bezain zaharrak” direla azpimarratu zuen. Zentzu horretan, Telleriak gaineratu zuen berrikusi egin behar dela etorkinaren figura “arazo sozialaren eragile, biktima edo gaizkile” gisa. “Kontzeptu horiek ordezkatu egin behar dira, aldaketa sozialaren eragile bezala ikusteko”.

Urduñar berrien bizipenak
Hitzaldi historiko eta teorikoek bizipenei eman zieten paso, jardunaldien bigarren egunean. Hainbat jatorritako urduñarrak bildu ziren mahaiaren bueltan, Estatu Espainiarreko beste zonalde batzuetatik bertaratutakoak. Hirira iristerakoan izan zuten harrera eta “urduñar zahar” bilakatu arte bizitakoak azaleratu zituzten. Parte hartze handia egon zen publikoaren aldetik, mahai-ingurura gerturatutakoetako asko ere antzeko egoerak bizi izandakoak zirelako.

Hirugarren egunean urduñarren bizipenak izan zituzten baita hizpide: atzerritik iritsitakoenak. 10 pertsona jarri ziren guztira mahaiaren bueltan: hiru latinoamerikar, bi senegaldar, hiru saharar eta marokoar eta eskoziar bana. Bizipen ugari eta anitzak mahai gaineratu ziren, oso gogorrak kasu batzuetan. Gehienak arrazoi sozio-ekonomiko edo familiarrak medio iritsi ziren Estatu Espainiarrera. Urduñara bizitzera joateko arrazoiak, baina, anitzak ziren: batzuk pisua bertan topatu zutelako geratu ziren. Beste batzuk, berriz, Urduña gogoko zutelako.

Jose Ignacio Ruiz de Olaguenaga soziologoari omenaldia egin zioten, migrazioen inguruan egin zituen ikerketen errekonozimendu gisa

Gehienek aipatu zuten hirian izan duten harrera ona izan dela, noizbait aurre-iritziak jasan behar izan dituzten arren. RGI eta laguntza sozialen inguruan mintzatu ziren. “Gu lan egitera etorri gara, eta lana dagoenean lan egiten dugu”, adierazi zuten. Latinoamerikarretako batek nabarmendu zuen euren herrialdeetan gaizki zeudelako egin zutela migratzearen haututa. “Espainiarrek ez zuten Amerika deskubritu. Amerika jada deskubritua zegoen, gu bertan bizi ginelako. Ez ziren lan bila etorri, ondasunak lapurtzera eta bertakoak akatzera...”, ez zuen esaldia bukatzerik izan, txalo zaparrada batek bete baitzuen aretoa.

Eskoziarrak, bere aldetik, kontatu zuen bere ingurukoek ez zutela etorkintzat hartzen, berak bere burua immigrantetzat izan arren. “Askotan egokitu zait nire inguruko jendeak immigranteen inguruan gaizki esaka aritzea nire aurrean, eta oso deseroso sentitu naiz halakoetan”, azpimarratu zuen.

José Ignacio Ruizi omenaldia
Jardunaldien laugarren eta azken egunean Jose Ignacio Ruiz de Olaguenaga izan zen protagonista. Iaz zendu zen soziologo urduñarra, eta omenaldia egin zioten, migrazioen inguruan egin zituen ikerketengatik. Euskal Herriaren etorkizuna etorri berrien seme-alabek erabakiko zutela aldarrikatzen zuen berak. Etorkizun hurbil bati begira, baina, ikusteke dago ea eskualdeko beste herriren batean antzeko jardunaldiren bat antolatzen ote den.

 

BESTE EKIMEN BATZUK

HERRIETAKO KULTUR JAIALDIA
Laudioko Andaluzia, Extremadura, Galizia eta Gaztela-Leon Etxeek Herrietako Kultur Jaialdia ospatzen dute urtero, ekainean.  

MUNDUKO JANAK
Urduñako Adi Emakume Elkarteak urteak daramatza ekimena antolatzen. Hitzorduak egiten dituzte, munduko hainbat txokotako jakiak prestatzeko. Amurrioko Aurreraka Emakume Elkarteak ere egin zuen ekimena, iaz.

HERRI BAT, HAMAIKA JATORRI
Arrankudiaga-Zolloko eskola komunitateak 2013an antolatutako jaialdia.

LAUDION BIZI GARA
2013an sortutako ekimena. Hainbat jaialdi eta ekimen antolatu dituzte, herriko kultura ezberdinen arteko hartu-emana sustatzeko.

KULTUR ARTEKO ZUBIAK
Laudion sortutako elkartea, hainbat jatorritako laudioarren eskutik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide