Bihurtze elkarteak eta Urduñako udalak gabonetan jostailuak banatu ahal izateko kanpaina abiatuko dute. Helburua egoera onean dauden jostailuak pilatzea da, haurren artean banatu eta ume guztiek jolasteko aukera izan dezaten. Era horretan, nola jostailuei hala haurrei bizitza berri bat ematea bilatzen dute.
Jostailuak emateko 2 aukera
Jostailuak entregatzeko bi astegunetan egongo dira anbulategiaren behealdean duten almazenean. Batetik, astearteetan (10:00-12:00) eta bestetik ostegunetan (18:00-20:00). Kanpainak hilabete bateko iraupena izango du, hots, abenduaren 17 arte egongo da parte hartzeko aukera. Bihurtze elkarteak eta Urduñako udaleko Ongizate arloak proiektua ezagutu eta bultzatzeko deia zabaldu dute.