Urduñako Turismo bulegoak, Sustapen Ekonomikoaren arloarekin batera dinamika turistiko berria sortu du. Helburua Urduñako ekoizleak eta zaporeak ezagutzera ematea da.
Horretarako, bertako produktu eta gastronomia ardatz dituen dastatze saioak egingo dituzte opor egunetan. Lehendabiziko saioa urriko zubian egin zuten, eta oso arrakastatsua izan zen.
Hurrengoa abenduaren 5ean, 6an eta 8an egingo dute. Besteak beste, hiriko txakolina, gazta, mermelada, zukua, haragi ekologikoa, barraskiloak eta gozogintza ezagutzeko aukera egongo da.
Saioak 12:45ean izango dira, baina plaza kopurua mugatua denez aurrez eman beharko da izena. Izan ere, 25 lagunek izango dute soilik parte hartzeko aukera. Turismo bulegoan bertan, telefonoz (945 384 384) edo emailez (turismo@urduna.com) eman liteke izena.
Austriara bidaia
Bestalde, "Urduñako Zaporeak" eta udaleko hainbat ordezkari Austriako esperientzia agroekologikoak aztertzera joan dira, OBV erakundearekin elkartu asmoz.
Azaroaren 15era arte egon ziren hango egitasmoak eta Urduñakoak partekatzen. Izan ere, tokiko produktuen ekoizpen eta promozioan Europako erreferenteetako bat da OBV erakundea.