"Herritartasun kontzeptu berri bat behar dugu, jatorria alde batean utziz"

Erredakzioa 2015ko aza. 5a, 14:01

NURIA TELLERIA (Urduña, 1965) Adratan elkarteak antolatutako jardunaldietan arituko da. Urduñar berrien inguruan hitz egingo du soziologoak.

Gaur migrazioaren inguruko hitzaldia emango duzu. Zein izango da landuko duzun ikuspegia?

NURIA TELLERIA (Urduña, 1965) Adratan elkarteak antolatutako jardunaldietan arituko da. Urduñar berrien inguruan hitz egingo du soziologoak.

Gaur migrazioaren inguruko hitzaldia emango duzu. Zein izango da landuko duzun ikuspegia?

Nire abiapuntua da iritzi publikoa oinarritu ohi dela egokiak ez diren informazioetan. Informazio horiek xenofobiatik eta arrazismotik oso gertu daude.

Bestalde, migrazio jarioak kualitatiboki eta kopuruaren aldetik areagotzen ari dira. Migrazioa ez da gutxiengo baten kontua, ezta etsituena edo hasiberriena. Barne eta kanpoko migrazioa egunerokotasunez betetako fenomeno unibertsala da.

Jose Ignacio Olabuenaga, Peio Aierbe edo Migrazioaren Euskal Behatokiaren analisi zientifikoak oinarritzat hartuz erakutsi dezakegu etorkinak beharrezkoak direla. Etorkinek aberasten dute harrerako lurraldea edo herria. Baita muturreko egoeretan ere. 60. hamarkadan frankismoan zein XXI. mende hasieran gertatzen da hori.

Zein izan da migrazioak egindako ekarpena Urduñan?

Urduña bere historiaren emaitza da eta migrazioak pisu handia izan du. Pasa den mendearen erdialdean zein XXI. mendearen hasieran etorri direnek lana, izerdia, malkoak, ilusioak, beldurrak... ekarri dituzte.

Beste komunitate berri bat da, eta herritarrak elkar egokitu behar dira armoniaz bizi daitezen, leku guztietan gertatzen den moduan.

"Garrantzitsuena da pertsona horien seme-alabak urduñar berriak direla eta herriaren etorkizuna markatuko dutela."

Nolako harrera izan dute etorkinek Urduñan?

"Urduñan, Euskal Herriko hainbat herritan bezala, bi aldagai garrantzitsu daude etorkinei harrera egiterakoan: landa eremuko populazioak direla eta kontserbadoreak direla. Ez daude ohituta kolektibo ezberdinak jasotzera. Horregatik, hasieran, etorkinak “besteak” edo “kanpokoak” dira. Horien aurrean “gureak” edo “betiko urduñarrak” daude."

Bestalde, frankismo garaian, borroka baten testuingurua ematen zen. Izaera eta hizkuntza bat berreskuratzeko ahaleginak ematen ari ziren espainiar nazionalismoak lapurtu eta zapaldutako kultura bat berpizteko. Orduan, batzuek ulertu zuten espainiar estatutik etorritako etorkinak estrategia frankistaren barruan zeudela, euskal kulturarekin bukatzeko.

Komunitate horietan XXI. mendearen hasieratik zabaltzen da auzokidea ez dela agian berdina bere arraza, jatorria edo erlijioa dela eta.

Hori traumatikoa izan daiteke askorentzat, zalantzan jartzen baitu auzotasunaren inguruko ohiko ideia. Balioen komunitate aldaezina bilakatzen da eta harremanetan eragina dauka, aniztasun etnikoa agertuz egunerokotasunean.

Jatorri ezberdineko pertsonen arteko elkartasuna eta harremanak eta sortzen diren bikote horien seme-alabak dira bermea, kohesioa eta kultur aniztasuna izango dituen Urduñarentzat.

Herri hartzaileen inguruan ere mintzatuko zara, zeintzuk dira zentsu horretan dauden erronkak eta ondorioak?

Nazioarteko migrazioak antzinako fenomenoa dira, ez aberrazioa. Herritarren mugimenduek bat egin dute hazkunde demografikoarekin, aldaketa teknologikoekin, gatazka politikoekin eta gerrekin.

"Europak kanpoko mehatxuari beldurra dio orain, baina beldur hori mundua bezain zaharra da. Belaunaldi guztiek uste dute inork baino gehiago sufritzen dutela."

Munduko aberatsak inguratuak sentitzen dira. Izututa daude agian beste lekuetako txiroen ezbeharrak partekatu beharko dituztelako.

Populazioaren mugimenduek ezegonkortasun politikoa eta protestak ekartzen dituzte, bake soziala zalantzan jarriz.

Migrazioaren inguruko politikak kontrol eta zapalkuntza polizialetik at garatu behar dira, euren esparru guztiak landuz; arrazoi eta eragin legal, politiko, ekonomiko, kultural eta sozialak landuz.

"Berrikusi behar da etorkinaren figura arazo sozialaren eragile, biktima edo gaizkile gisa. Kontzeptu horiek ordezkatu behar dira eta aldaketa sozialen eragile bezala ikusi behar dugu. Prozesuak bi ibilbide ditu: etorkinetik natiboetara eta alderantziz."

Bestalde, migrazioak onura ugariko fenomenoa dira: populazioa gazteagoa izatea lortzen dute, langile kualifikatuak ekartzen dituzte, sektore ekonomikoak dinamizatzen dituzte, etxebizitza eskaria areagotzen dute eta zerbitzu publikoen moldaketa eragiten dute. Zerbitzuak ez badira populazioaren erritmo berean hazten arazoak sortu daitezke eta.

Migrazioa askotan gai tabua edo gatazkatsua da, zein da zure iritzia Adratanek antolatutako jardunaldien inguruan?

Uste dut Adratan elkartearen ekimena oso ausarta dela. Eta gai hau modu zintzoan eta kritikoan lantzeke dago.

"Noiz arte deituko diegu pertsona hauei “urduñar berriak” bizitza osoa hemen egin badute? Euren seme-alabak etorkizeko protagonistak izango dira."

Haiek zuzenean entzuteko aukera izango dugu; kontatu dezaten nolakoa izan zen harrera, nola sentitu ziren, nola tratatzen ditugun, beldurrez ikusten ditugula, askotan mehatxua izango balira bezala edo daukagun apurra kentzera etorri izan balira bezala. Gai arantzatsuak lantzeko parada egongo da baita: euskara, erlijioa, hezkuntza eredua...

Horrez gain, erronkak lantzeko parada izango dugu ere; arrazismoaren mehatxua eta Europa mehatxatzen duen faxismo berriaren itzala.

Liluratu nau ikusteak zenbat lan, ilusio eta maitasun bideratu duten jardunaldietan.

Zer espero duzu zure hitzaldiaz? Uste duzu jendearen iritzia aberasteko edo aldatzeko balioko duela?

Hausnarketarako gunea irekitzea espero dut, elkarrekin analisia partekatu dezagun... “besteek” esan behar dutena entzutea eta hurbiltzeko prozesu errealagoa hastea, estereotipoak eta mehatxu faltsuak gaindituz.

Hortik abiatuta etorkizunerako gakoak mahai gainean jar ditzakegu jendarte urduñar bateratua eta anitza lortzeko.

"Herritartasun kontzeptu berri bat behar dugu, bizileku administratiboa ardatza gisa erabiliz, jatorria alde batean utziz."

Etorkizunari begira, zein izango da zure ustez migrazioaren garrantzia Urduñan?

Lehen aipatu dudan bezala, hezkuntza sistemak baldintzatuko du Urduñaren etorkizuna, egungo etorkinen seme-alaben protagonismoa oso garrantzitsua izango baita.

Ezinbestekoa izango da ikastetxe publikoak babestea eta indartzea, jendarteratzea traumarik gabe eman dadin eta euskara transmisio hizkuntza izan dadin.

Zentzu horretan bi ondorio erakusten dituzten ikerketak daude:

Alde batetik, gure jendartean lana da jendarteratzen duena. Lan onak integratzen du eta kualifikaziorik gabeko lanak, aldiz, ez.

Bestalde, gazteek euren integrazioa bermatzeko egin dezaketen gauzarik onena da ikastetxetan emaitza onak lortzea. Bestela lan kaskarrak lortzeko aukera izango dute bakarrik.

Hipotesi horiek eztabaidagai badira ere, etorkinen seme-alaben hezkuntzak baldintzatuko du herrien kohesioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide