Aktibatu+ programak planetaren ingurumen-osasuna hobetzeko eta norberak ere onura lortzeko eguneroko ekintza txikiak sustatzen ditu Bizkaiko herritarren artean.“Aktibatu+” programa garatzen den udalerrietan, ikastetxeen parte-hartzea sustatzen ari da, eta orokorrean herritar guztiena, etxeko ohituren aldaketak bultzatuz (ikasleen familietatik hasi eta komunitate osora hedatuz).
“Aktibatu+” eskola-programa
2013-2014ko edizioan “Aktibatu +” programa Arratia eta Nerbioi-Ibaizabalen landu dugu.Hauek izan dira parte hartu duten zentroak: Arrigorriaga BHI, Etxebarri BHI, Dima-Ugarana herri ikastetxea, Bengoetxe BHI, IPI Soloarte BHI, Eguzkibegi ikastola eta Urduñako eskola.
Energiaren gaia hartuz, ikastetxe bakoitzak bere elektrizitate-kontsumoa ikuskatzeari ekin zion. Bigarren fasean, ikasleak izan ziren baitaratutako ohitura kaltegarrien inguruan eskola-komunitate osoko kideak kontzientziarazteaz arduratu zirenak. Ondoren, lortutako aldaketak ebaluatu ziren.
Duela zenbait egun Urduñako eskolak lortutako emaitzen berri eman genuen Aiaraldean.
Parte hartu duten zentro guztiek lortu dute energia kontsumoa nabarmen murriztea, %11 eta %34 arteko portzentajeetan. Gainera, ikastetxean zituzten ohiturak ere asko hobetu dituzte.
Oraingoan Aktibatu+ erakundeak zentro batzuen lana bereziki aipatu nahi izan du, eta sariak jaso dituzte. Emandako sarien artean, iraunkortasun arloko Bizkaiko ekipamendu batzuetara egindako bisita gidatuak egon dira, hala nola Mutrikun olatuak aprobetxatzeko dauden instalazioetara, Metro Bilbaoren makina-gelara eta abar. Urduñako eskolak bisita gidatua egingo du Ur Partzuergoak Urduñan dituen instalazioetara, Gartxetako araztegira eta Urduñako Hondakin Uren Araztegira Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren eskutik.
- 1. Saria:
- Dima-Ugarana Herri ikastetxea
- 2. Saria:
- Bengoetxe BHI ( Galdakao)
- 3. Saria:
- Soloarte IPI ( Basauri)
- Emaitzarik onenak lortu dituen zentroaren aipamen berezia:
- Urduñako eskola
- Komunikazio kanpainarik ikusgarriena egin duen zentroaren aipamen berezia:
- Eguzkibegi Ikastola ( Galdakao)