“Espainiako Kopan lehiatzea bizitzako momenturik zoragarriena izan da”

MARIA BARBERO (1987, Urduña) Espainiako Kopako motoziklismo abiaduran txapelduna da. Open eta Amateur 1000zk kategorian lehiatu zen bera Nafarroako “Los Arcos” zirkuituan.

Lehenik eta behin, zorionak lortu duzun garaipen garrantzitsuagatik. Zer sentitu zenuen garaipena zure eskuetan zegoela ohartu zinenean?

MARIA BARBERO (1987, Urduña) Espainiako Kopako motoziklismo abiaduran txapelduna da. Open eta Amateur 1000zk kategorian lehiatu zen bera Nafarroako “Los Arcos” zirkuituan.

Lehenik eta behin, zorionak lortu duzun garaipen garrantzitsuagatik. Zer sentitu zenuen garaipena zure eskuetan zegoela ohartu zinenean?

Eskerrik asko, egia esanda, garaipena eskuetan izan baino lehen sentitutako guztia askoz garrantzitsuagoa izan zen niretzat. Lehendabiziko lasterketa bizitzea izan da benetako lorpenik handiena.

Hori bai, podium beretik nire talde osoa, lagunak, familia eta hainbat ikusle ikusteak munduko emakumerik zoriontsuena bihurtu ninduen.

Lehiatzen zaren lehen aldia da orduan. Zer nolako esperientzia izan zen?

Demagun betidanik amets izan duzun hori, bat-batean egi bihurtzen dela. Momentu horretan denbora gelditzen da eta segundoak ordu bihurtzen dira.

Benetan zaila egiten zait horri buruzko azalpena ematea. Laburbilduz, bizitzako momenturik zoragarriena izan zela esan dezaket.

Beraz, zure lehenengo irteera ere, izan zen. Urduritasun handia izan zenuen irteerako parrilla horretan?

Ez pentsa. Irteera emateko unea heldu zenean motoa gelditu egin zen, eta justu-justu berriro pizteko denbora izan nuen.

Arazo teknikoak izan ziren, baina horrek ez zidan urduri jartzeko denborarik eman. Benetan barregarria izan zen.

Zer nolako zirkuitua da Nafarroakoa?

Ez da nire gustukoa, oso zirkuitu teknikoa da, eta azkar joateak prestakuntza gogorra suposatzen du, bai motoan bai gidarian. Hainbat bihurgune astiro joatekoak dira eta hori askoz hobeagoa da 600zk moto batentzat.

Hala eta guztiz ere, oso ondo egin genuen eta kronometroa apurtzea lortu ondoren, pozik ibili nintzen. Handik irten nintzenetik berriro bueltatzeko gogoak ditut.

Emakumezkoen Espainiako Kopa egiten den lehen aldia da ezta? Zergatik ez da lehenago egin?

Iaz Espainiako Motoziklismo Federazio Errealera heldu zen proposamena eta haien laguntza eskatu ondoren, urte batean prestatu zuten guztia.

Suposatzen dut, orain arte egin ez bada, halakorik prestatzeko inor ez zegoelako izan dela, oso lan gogorra izan baita.

Arrakasta izan zuen?

Bai! Seguru! Hainbat aldizkari, telebista eta irratietan agertu da. Herri osoa, eta batez ere motoziklismoa gustuko duten guztiek egunez egun jarraitu egin dute gertatutako guztia.

Zergatik erabaki zenuen parte hartzea?

Motoziklismoa bihotzean daraman emakume bati Espainiako Lehen Emakumezko Kopan parte hartzeko ideia sortu ondoren ez dago atzera bueltarik.

Nigatik egin behar nuen eta baita etxean geratu ziren emakume horiei guztiei erakusteko gizonezko kirola batean parte-hartzea eta ondo egitea ere posiblea dela.

Non entrenatzen duzu?

Urduña inguruan dauden errepide zoragarrietan, bidaietan, noizbehinka zirkuituan eta ahalik eta posible den leku guztietan. Fisikoki momentu honetan ez dut ezer egiten, baina igeri egitea da gehien gustuko dudana eta gehien laguntzen nauena behar bezala prestatuta sentitzeko.

Nola prestatu zenuen lasterketa?

Ez nuen prestatu, kontzentrazioa landu nuen, hori bai, baina beste guztia (teknika, prestakuntza fisikoa eta esperientzia) nirekin bat doaz beti.

Txapelketa gehiagotan parte hartuko duzu?

Ahalik eta babesle gehien lortzea espero dut aurrera jarraitu ahal izateko.

Ez dakit oraindik zer gertatuko den datorren urtean, baina, seguru nago ahalik eta gehien egingo dudala txapelketa ugaritan parte hartzeko.

Motoziklismoa kirol garestia da?

Bai, asko gainera. Kirol profesional guztiak garestiak direla suposatzen dut, baina honetan bereziki. Motoa, gurpilak, gasolina, motoen prestakuntza bereziak, nire ekipamendua...

Pentsa txapelketa honetan parte hartzeak 40.000€ suposatu dituela. Egia da motoa oso garestia dela (30.000€) baina, beste hainbat gauza kontuan izanda oso zaila da dirurik gabe Espainiako Lasterketa batean parte hartzea.

Zenbat denbora daramazu motorrean ibiltzen?

Ez denbora askorik, 2008. urtean motoa gidatzeko agiria lortu nuen eta momentu horretan hasi nintzen. Denbora baino gehiago, kilometroak kontuan izango nituzke, ehun mila baino gehiago daramatzat bueltaka moto desberdinekin, eta hori izan da benetan txapelketa honetan parte hartzeko gaitasuna eman didana.

Zergatik hasi zinen?

Motoak betidanik maite izan ditut. Ez daukat arrazoi zehatzik, baina behin probatu eta berehala jakin nuen egunen batean nire moto propioa izango nuela. Uste nuena bainao lehenago iritsi zen momentu hori eta egunero eskerrak ematen dizkiot bizitzari aukera paregabe hori eman izanagatik.

Zein taldekoa zara?

Sortu berri den Ducati Bilbao taldeko pilotu bakarra naiz momentuz.

Txapelketa honetan parte hartzea nire lankide eta nagusiei eskertu behar diet. Orain dela bi hilabete lanean hasi nintzen Ducati Bilbao moto dendan, eta haiek izan dira taldea sortzeko aukera eraiki dutenak.

Orduan zure lanak asko lagundu du mundu honetan ezta?

Bai, irakaskuntza alde batera utzi eta ia ia lau urte daramatzat motoen munduan lanean. Behin mundu honetan sartuta ezin irten.

Euskal Herrian badago lehiatzerik? Zer nolako maila dagoela esango zenuke?

Gizonezkoen lehiaketak badaude, hainbat kategorietan gainera, baina emakumezkoen kasuan ez dago ezer, suposatzen dut datorren urtean haiekin lasterketak egingo ditudala eta euskal herriko emakume bakarra izango naizela.

Zelan ikusten duzu emakumeen presentzia kirol honetan?

Egia esan, azken hamar urteetan emakumeen presentzia nabarmen handitu da, baina seguru nago poliki poliki gehiago handituko dela.

Badaude bi emakume mundialean (Elena Carrasco eta Maria Herrera) baina espero dut hemendik gutxira askoz gehiago izatea.

Eta ematen zaizuen garrantzia?

Pentsatzen nuena baino askoz garratzi handiagoa ematen zaigu, gizon guztiek maite dituzte emakumezko pilotuak eta errespetu eta maitasun handia adierazten dute.

Suposatzen dut Moto GP emakume batek irabazten duen momentuan zoragarria izango dela. Ametsetan? Igual bai, igual ez...

Etorkizunari begira, zer da prestatuko duzuna? Lortu nahiko zenukeena? Zer gustatuko litzaizuke?

Aurrera begiratzea ez dator nirekin bat, askotan pentsatzen dut planak egitea ez dela nire helburua, baizik eta egunero ahal ditudan oportunitate guztiak aprobetxatzea.

Hau da, ez dut ezer lortu nahi, disfrutatzea da nire lorpenik handiena, eta horretarako ezin dut prestakuntzarik egin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide