JOSEBA GURUTZE GABIÑA (1976, Urduña) Urduñako Txirrindularitza Elkarteko lehendakaria da. Aurten lehendabizikoz, Urduña Hiriko I Ziklokros Sari Nagusia antolatzen dabiltza. Urriaren 12an egingo dute ziklokrosa.
Zergatik erabaki duzue Urduñan ziklokros bat egitea? Nondik dator ideia?
Zuzendaritza batzordea berritzean sortutako ideia izan zen. Kategoria denak lehiatzen direnez ziklokrosean, txirrindularitza sustatzeko modu ona izan litzatekeela pentsatu genuen.
Zelako lana dakar ziklokros bat antolatzeak?
Kontuan hartu behar den lehenengo gauza kostu ekonomikoa dela esango nuke. Izan ere, kategoria denek parte hartzen dute guk antolatutako ziklokrosean, emakumeak eta gizonak. Horri, lur azal egokiak izatea gehitu behar zaio.
Horrek esan nahi du, ziklokroseko arauak adierazten dituen gutxienekoa bete behar dituela, batez ere distantzia kontuenak. Horrez gain, tramite burokratikoak, diru-laguntzak, babesleak, zirkuituaren muntaketa... kontuan izan behar dugu.
Zer nolako ibilbidea izango du?
Ibilbideak hiru sektore ezberdin izango ditu. Batean aldapa egongo da, beste bat azkarrago egitekoa da eta azkena teknikoagoa dela esango nuke.
Eta zer nolako zailtasunak izango ditu ibilbide horrek?
2800 metroko zirkuitua izango da. 200 metro edo errepidean izango dira eta beste guztia zelaian. Esan bezala hiru sektore izango ditu. Lehenengoa Kintana inguruetan izango da eta hor aldapa bat topatuko dute parte hartzaileek.
Bigarrena Mugarri inguruetan egongo da eta bihurgune nahikotxo izango ditu. Azkena, ordea, zezen plazaren barruko aldetik pasatuko da. Irteera eta helmuga toki berean egongo dira, eskola publikoaren parean, hain zuen ere.
Partaidetzaren aldetik, zer espero duzue?
Gutxi gora behera 200 partaide espero ditugu. Noski, guzti horiek kategoriaka eta txandaka lehiatuko dira.
Euskadiko txapelketarako puntuagarria izango da, ezta?
Bai, Urduña Hiriko I Ziklokros Sari Nagusia Euskadiko txapelketaren lehen froga izango da. Zorionez denboraldia hasten denetik (urritik urtarrilera) Euskadin astebururo daude lasterketak. Guztira 18 froga egongo dira.
Euskal Herrian zer nolako maila dago ziklokrosean?
Ba nahiko ona. Esan beharra dago estatu mailako hainbat txapeldun euskaldunak direla.
Eskualdean hainbat pertsonak egiten dute ziklokrosa, ezta?
Bai egia da Aiaraldean zaletasun handia dagoela eta hainbat dira ziklokroseko frogetan parte hartzen duten txirrindulariek. Are gehiago, etxetik gertuko frogak egiten direnean, hala nola, Laudio, Amezaga, Igorre eta orain Urduña.