Urduñako mendi duatloia irailaren 20an izango da eta antolatzaileek emakume parte hartzaileei dagokion garrantzia eman nahi diete. Hori dela eta, aurten erreleboak mistoak izan ahal izango dira.
Horrez gain, banakako herriko frogan, zein Aiaraldeko eta baita erreleboetako emakumerik onenak sarituko dituzte.
Antolakuntzako kideek emakume eta gizonen arteko kirola parekatzea prozesu luzea dela diote. Hala eta guztiz ere, parekidetasun batzordeak, bide berri bat hasi du, zeinetan herriko kirol taldeen parte hartzearekin ondorio nagusi batzuk atera dituzten. Hala nola, kirola hezkuntzarako eta osasunaren sustapenerako garrantzitsua dela, eta baita gizarte aldaketetan eta sexu arteko berdintasuna lortzeko bidean erreminta baliagarria dela ere.
Ibilbidearen nondik norakoak
Ibilbide luze eta gogorra izango da aurtengoa. 10,9km-ko lasterkako sektore maldatsua izango da hasieran korrikalariek egin beharko dutena. Ondoren, 21 km-ko btt sektorea eta azkenik lasterka 1,53 km egingo dituzte Urduñako alde zaharreko kaleetan barrena.
Foru plazako ekintzak
Parte hartzaileek zein ikusleek ekintza ezberdinez gozatzeko aukera izango dute egun berean. Izan ere Foru plazan goizeko 11:00ean aukeren merkatua egongo da. Ordu berean bisita gidatua ere egingo du turismo bulegoak. 11:30ean haurrentzako jolasak egongo dira. Horrez gain, egun osoan zehar txosna, pintxoak, parrillada... ere egongo dira.