Antzinako gauzen eta bildumen azoka egingo dute laugarrenez irailaren 12an Urduñan. Larunbat goizean zehar Foru plazan objektu zaharrak ikusteko eta erosteko beta egongo da. Baita liburuak, jostailuak... trukatzekoa ere. Ekimena Foru plazako arkupeetan garatuko da.
Aukeren merkatua
Hilaren 20an, berriz, ACCOR Merkatari elkarteak aukeren merkatua egingo du. Bertan, Urduñako denda ezberdinetako produktuak ohikoan baino merkeago erosteko aukera egongo da. Antolatzaileen esanetan hamarnaka postu egongo dira. Sektoreen artean jantzigintxa, bitxigintza, optika, liburuak... nabarmendu dituzte. Azokak 10:00etan zabalduko ditu ateak eta 14:00ak arte iraungo du. Gainera, umeentzako ekintza eta girotzeko musika egongo dira. Bestalde, erosketak egiten dituztenen artean deskontu bonoak zozketatuko dituela jakinarazi du ACCORrek.