Urduñako udalak ludoteka eta euskaltegian izena-emateko epea zabaldu du. Bestalde, kirol jarduerak (dantza, yoga, spininga, zunba, gimnasia, pilates, aerobika, taewkondo...) gauzatzeko eskaintza ere aurkeztu dute.
Euskaltegiko matrikulazioa
Euskara ikasteko irailaren 8tik 30era egongo da apuntatzeko aukera. Saioak 2 ordutakoak izango dira, 11:00etatik 13:00etara edo 17:30etik 19:30era. Matrikulazio prezioak, berriz, egun kopuruaren araberakoak izango dira. Astean bi egun doazenek (135 ordu) 240€ ordaindu beharko dute, hiru egunetan doazenek (200 ordu) 356€ eta lau egunetan doazenek (264 ordu) 449€. Ordutegiak eta mailak taldeak osatzean zehaztuko dira. Informazio gehiagorako udal euskaltegira dei liteke: 607 678 079. Bestalde, euskara ikasteko udalak diru-laguntzak banatuko ditu. Laguntzak eskatzeko epea irailaren 15etik urriaren 15era egongo da zabalik.
Kirol eskaintza
Irailaren 16tik aurrera, berriz, kirol jarduerak abiatuko dituzte Urduñako instalazio ezberdinetan. Izen-ematea irailaren 2tik 12 arte egin beharko da Kultur etxean. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan 10:00etatik 12:00etara egongo da horretarako aukera, eta astearte zein ostegunetan 17:00etatik 19:00etara. Plazak mugatuak dira eta ordainketa agiria entregatzearekin batera egingo da erreserba.
Ludoteka zerbitzua
Urtarrilerarte ludotekara joateko irailaren 29tik urriaren 3ra egongo da zabalik izen-ematea. Ume bat apuntatzen dutenek 30€ ordaindu beharko dituzte, baina bi izatekotan 50€ izango da tarifa. Egitasmoa LHko ikasleei zuzendua dago. Astelehenetan LH 1, 2 eta 3 mailakoak egongo dira, astearteetan Haur Hezkuntzako (HH) 3.mailakoak, asteazkenetan HH 1.mailakoak, ostegunetan HH 2.mailakoak eta ostiraletan adin guztietako umeak.