Irailaren 4tik 6ra ospatuko ditu Urduñako Koroatze jaiak. Azken hiru urtetan bezala Urdufolk jaialdiaren hirugarren edizioarekin bat egingo dute festek. Ostiralean 20:30ean emango zaie jaiei hasiera, Urdufolk lehiaketaren finalera iritsi diren hiru musika taldeen kontzertuekin: Klof, Lochlainn eta Angela Furquet.
Larunbata marmitako txapelketarekin esnatuko da. Lehiaketako hitzordua 9:00etan jarri dute Foru plazan. 11:00etatik aurrera, berriz, umeentzako jolas parkea egongo da, gaztelu puzgarriak barne. Arratsaldean izango du segida umeentzako egitarauak, apar festa gehituko baizaio 16:00etan haurren jolas parkeari. Frontoian, aldiz, eskuz binakako pilota partidak egongo dira 18:00etan. Lehenengo norgehiagoka Ayesta-Alava eta Abizuri-Gorostizaga kadeteen artean jokatuko dute, eta bigarrena Dorronsoro-Peñas eta Arrieta-Legarreta seniorren artean. Bola txapelketa ere izango da udal bolatokian. Antzerkia nahiago dutenek, baina, Gernika plazan izango dute hitzordua, "Funes van" antzezlana ikusteko aukera egongo baita. Iluntzeko 20:30ean, ordea, Alboka 2.1 eta Gabacho Maroconnetion musika taldeen kontzertua egongo da Foru plazan, Urdufolk ekimenaren baitan.
Igandean bukatuko dira Koroatze jaiak. Lehendabizi, ordea, Antiguako Santutegian meza egingo dute goizean, eta bola txapelketako finala jokatu. 12:00etan "Urduña Hiria" erraldoi eta buruhandien kalejira abiatuko da Foru plazatik. Eguerdian Euskal Kanten bigarren topaketa burutuko dute, 13:00etatik aurrera Foru plazan. Topaketa horretan hainbat taldek parte hartuko dute: Santa Cecilia musika-banda -Urduña- eta Los Arlotes -Laudio-, Bihotz Alai -Getxo-, Babcock -Sestao-, Herriko Abestiak -Portugalete- eta Oilarrak -Urduña- ahots taldeak, hain zuzen. Asteburuari amaiera emateko Aiko taldeak dantzaplaza gidatuko du.