Lupardika tabernaren pintxoak jaso du perretxiko pintxo onenaren saria Urduñan antolatutako miko-ibilbidean. Onddo eta zizekin prestatutako jakirik orijinalena, berriz, Politena tabernakoa izan da. ACCOR Merkatari elkarteak adierazi duenez 19 izan dira mikoibilbidean parte hartu duten jatetxe eta tabernak. Perretxikoz egindako pintxorik onenaren sarira, ordea, 14 ostalari aurkeztu dira, orain arteko parte-hartze mailarik handiena. Epaimahaia eskualdeko emakume sukaldariek osatu dute, Arcos de Quejana jatetxeko Inma Gineak, Balintxarreketako Maria Garcia-Escuderok eta Guzurtegiko Marian Uliartek. Epaileen aukeraketaren bidez, antolakuntzak gastronomian ere emakumeek egindako lana aitortzea izan du helburu.