Urduñako udaletxeak antolaketa berria du uztailaren hasieratik. Helburua bikoitza da, batetik hiritarrengana hurbiltzea eta bestetik zerbitzuak zentralizatzea, udal zerbitzuak eraginkortzeko. Hala, 4 gunetan bereiztuko dituzte udal arlo guztiak: Hiritarren Arreta Bulegoa (kale Zaharra 2-4), udaletxea (Foru plaza 1), zezen elkarteko bulego zaharra (Kale Zaharra) eta udaletxearen aldameneko eraikina (Burdin kalea). Hala, 150 metroren baitan udal zerbitzu guztiak pilatuko dira.
150 metrotan, 13 zerbitzu
Aldaketen bidez, 150 metroren baitan 13 zerbitzu eskainiko ditu Urduñako udalak. Herritarren Arreta Bulegoan Ongizate arloa ere kokatuko da, Gizarte Zerbitzuak barne. Zezenzaleen lokal oihan, berriz, brigadako arduraduna eta aguazila egongo dira. Epaitegia Burdin kaleko udal pisura mugitu dute, Ekoizpen, Behargintza eta Urduñederrarekin batera. Hala, Kale Nagusiko F.P-ko eraikina formakuntza ikastaroak eskaintzeko eta enpresen hazitegi gisa erabiliko dute.
Udaletxearen antolaketa
Udaletxean berriz, hiru pisuak erabiltzen jarraituko dute. Lehenengo solairuan udalbatza aretoa izango da nagusi. Bigarrenean hirigintza, kultura eta euskara arloak jarri dituzte; hirugarren solairuan alkatetza, idazkaritza eta ekonomilariak egongo direlarik.
Kultur etxea eta Alondegia
Hortaz, kultur etxean liburutegia soilik egongo da hemendik aurrera. Eraikinaren bigarren pisua itxi egingo dute, energia gutxiago kontsumitzeko eta berogailuaren gastuak aurrezteko. Beheko solairuko bulegoak psikologo zerbitzuetara bideratuko dira.
Alondegian, ordea, ludoteka eta Gaztegunea kokatuko dituzte. Azken bi horiek, baina, irailean abiatuko dute ikasturtea egokitutako espazio berrian.