Uztailean zehar aisialdia eta festak uztartuko ditu Urduñako udalak. Uztailaren 1etik martxan da hiriko haur eta gazteei zuzendutako "Udan euskaraz" udalekuen programa. Ekainaren azken astean, berriz, udalekuak egin zituzten Tertangako aterpetxean.
Sanferminetara ibilaldia
Uztaileko irteeren artean San Fermin jaietara ibilaldia egingo dute. Uztailaren 6an izango da irteera, 8:30ean suhiltzaileetatik abiatuta. Itzulera 20:30ean izango da Iruñetik. Izen-ematea liburutegian egin behar da, Kultur etxean. Autobusaren prezioa 10 eurokoa izango da. Gaur bukatuko da izena emateko epea. Autobusean begiralerik joango ez denez, adin txikikoen kasuan guraso edo tutoreen baimena eraman beharko dute interesatuek.
Zarautz eta Biarritzera irteera
Bestalde, uztailaren 9an eta 23an hondartzetara txangoa egiteko aukera izango dute urduñarrek. Autobusa 9:00etan aterako da Urduñatik. Uztailaren 9an Biarritzera joan nahi duen orok hilak 7 arte izango du apuntatzeko aukera. Zarautzera bertaratzeko, ordea, uztailaren 21 arte egongo da izena emateko parada. Prezioei dagokienez 29 urtetik beherako erroldatuek 5€ ordaindu beharko dituzte, erroldatutako helduek 8€ eta Urduñarrak ez direnek 10€. Informazio gehiagorako 945383003 telefonora dei liteke.