Hilerriko indusketak, autokarabanen parkinga eta zezenketak hizpide udalbatzan

Erredakzioa 2015ko mai. 26a, 10:19

Ostegunean egin zen lege-agintaldi honetako azken udalbatza Urduñako udaletxean. 21 gai landu zituzten, horietako batzuk erabakiorrak, eta beste batzuk informatzekoak.

Ostegunean egin zen lege-agintaldi honetako azken udalbatza Urduñako udaletxean. 21 gai landu zituzten, horietako batzuk erabakiorrak, eta beste batzuk informatzekoak.

Besteak beste, udal-finken erabilera eta aprobetxamendurako tasa arautzen duen zerga ordenantza aldatu zuten. Izan ere, diru-laguntza batzuk jaso dituztenez inbertsio berriak egingo dituzte frontoian. Zehazki, frontisa, lurra eta taberna kirol zelaiarekin banatzeko obrak egingo dituzte. Horretaz gain, itokinak konpondu eta frontoiko sukaldea atonduko dute. Bilduko zinegotziak alde bozkatu zuten, eta EAJkek abstentzioa. Hortaz, aldaketa onartu zen.

Bestalde, langileen nahitaezko erretirorako adinari buruzko lan-baldintzen hitzarmena aldatu zuten. Eta, Urduñako udaleko lanpostutan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko derrigortasun datak ezarri. Ildo beretik, Bilduk, kontrataziorako pleguetan gizarte izaerako hizkuntza-politikari buruzko hainbat neurri sartzeko mozioa aurkeztu zuen.

Hilerriko indusketak

Abuztuan Urduñako hilerrian egindako indusketen harira Aranzadi Zientzia Sozietatearekin hiriko oroimen historikoan esku-hartzeko hitzarmena sinatu zuten alderdi politikoen adostasun osoarekin.

Autokarabanen parkinga

Autokarabanen parkingari dagokionean, araudi bat egitea adostu zuten, aparkalekuaren proiektuak eta zezen-plazako jarduerak elkar ez oztopatzeko. Hala ere, arazorik ez dela zertan egon iradoki zuen Carlos Arranz alkateak: “Egun, zortzi ekitaldi antolatzeko eskubidea dago zezen-plazan eta bakarra egitean da”.

Hondakinak biltzeko zerbitzua ere izan zuten atzokoan hizpide, zortzi urte indarrean egon ostean zaborra jasotzeko enpresarekin kontratua bukatzear baitago. Haatik, kontratua luzatzea ebatzi zuten, baina Nerbioi-Ibaizabal eskualdea osatzen duten gainontzeko udalekin batera akordioa lortzeko helburuarekin, “Taldean joanez gero 60.000€ aurreztuko lirake zerbitzuan”. Hitzarmena lortu ezean udalak lizitazioa aterako luke.

Zezenketen afera

Galderen tartean Otxomaio jaietako zezenketetak bertan behera utzi izanaren ostean zer gertatuko den galdetu zuten hainbat herritarrek. Udalak, aurreko ostiralean izan zuen bilera ekitaldiaren arduraduna den enpresarekin. Naiara Merino zinegotziak azaldu zuenez, diru-itzulketa egiteko prozedura hitzartu dute.

Horretarako sarrera erosleek hiru modu izango dituzte. Batetik, Kale Zaharrako udal bulegoetan instantzia orria betetzea, bestetik internet bidez fitxa deskargatu eta Urduñako udalera bidaltzea, eta azkenik zezenak2015@gmail.com helbidera igortzea dokumentazioa.

Dirua berreskuratzeko eman beharreko datuak honakoak dira: Izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, telefonoa; erositako sarrera kopurua, zenbakia eta zenbatekoa; eta dirua itzultzeko kontu korrontearen zenbakia.

Epeei dagokienean eskabidea egiteko aukera ekainaren 31 arte egongo da. Enpresak, berriz, abuztuaren 15 arte izango du diru guztia bueltatzeko tartea, lehendabizi eskatzaileen datuak konprobatu beharko baititu. Abuztuaren 15erako afera itxia ez badago, auzitara joko duela adierazi du udalak.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide