Idoia Aginako Urduñako EH Bilduko zerrenda burua da. Igandean gehiengo absolutua lortu zuten hauteskundeetan.
Zorionak Idoia, nola sentitzen zara garaipena lortu duzela jakitean?
Poz-pozik sentitzen naiz. Lau urte daramatzagu lanean eta aste hau ere izugarria izan da. Benetan poz pozik nagoela.
Nola baloratzen dituzu zure alderdiko emaitzak?
Nire ustez Urduñako jendea konturatu da lau urte hauetan egin dugun lanaz eta oso ondo baloratu du. Berriz ere konfiantza osoa eman digute. Positibotzat baloratzen ditut emaitzak.
Eta beste taldeen emaitzak?
EAJk gu baino 300 bozka gutxiago atera ditu, baina, guretzat Urduñako herritarrak gurekin daudela jakitea da garrantzitsuena. PP ere jaitsi da, beti atera du zinegotzi bat, baina aurten ez eta PSE-EEk erez. URE-EBB ere bertan geratu da eta ez du zinegotzirik lortu. Gu oso ondo eta oso pozik.
Udalbatzaren osaketa berria ikusita, zeintzuk izango dira zure lehentasunak gobernatzeko?
Oraindik ez dakigu. Aurreko lau urteetan gehiengo absolutua izan genuen eta aurten ere. Beti ateak zabalik izan ditugu elkarrekin lan egiteko baina ikusiko dugu nola hartzen dituzten emaitzak haiek. Oraindik ez dugu horretan pentsatu, ikusiko dugu.
Zeintzuk izango dira zure lehentasunak datozen hilabeteetan?
Urduñako herritar eta auzokideekin egotea eta haiekin batera planteamenduak egitea. Espero dugu kudeaketa ona egin ahal izatea Udaletxea ez dugu guztiz egoera onean. Orain arte ez dugu denborarik izan ezer egiteko, udaletxea oso modu latzean aurkitu baikenuen. Horregatik orain kudeaketa egoki bat eraman nahi dugu eta ditugun planteamenduak aurrera eraman.
Herritarrei zein mezu zabalduko zenieke emaitza hauek ikusita?
Lehenik eta behin eskerrak ematea. Herriarentzat gogor lan egingo dugu. Bertan egongo naiz beti prest lan egiteko. Oso talde ona dugu langilea eta ilusioz beterikoa.