Alde Zaharreko trafikoaren egoera hobetzeko proposamena aurkeztu zuen apirilaren 28an Urduñako udalak. Helburua komertzio eta herritarrek bizi duten egoera hobetzea da.
Planteatutako aldaketak
Planteatu dituzten aldaketen artean Foru plazan aldi batez bakarrik aparkatzeko aukera eskaintzea dago. Baimena doakoa izango da, baina egonaldiaren denbora mugatuko dute. Era berean, kale batzuetako trafiko sarbidea auzokideentzako eta karga zein deskargetarako erabiliko dute, Mikel Deuna kalekoa, esaterako.
Matrikula bidezko kontrola
Trafiko moldaketa zuzen ematen ari dela bermatzeko matrikula bidezko kontrola egingo dute. Horretarako, argazki bidez isun automatikoak jarriko dituzte, bizilagun edo auto bakoitzaren matrikula gordeta izango baitu aparatuak.
Proposamena herritarrei azaldu ostean, sektore sozial ezberdinekin eta udaleko alderdi politiko zein teknikariekin eztabaidatuko dute, ondoren araudia egin eta udalbatzatik pasatzeko.