Ostiralean elkartu zen udala Baños Toros enpresariarekin. Udalak azaldu duenez, dirua itzultzeko prozesua eta epeak adostu zituzten: “Udala ez da arduraduna izango, enpresa eta herritarren arteko diru itzulketa egiteko bitartekaria baizik”.
Hala, 500 sarreren erosleek dirua berreskuratzeko aukera izango dute. Horretarako bi fase planteatu dituzte.
Batetik, udalak sarrerak erosi dituztenen datuak jasoko ditu ekainak 31 arte. Ondoren, enpresariak datuak konfirmatu egingo ditu, diru-sarrera egiteko.
Epe mugatzat abuztuaren 15a jarri dute: “Data horretarako ez badaude ordainketa guztiak gauzatuta udalak esku-hartuko du erosleen artean salaketa kolektiboa egiteko”. Datorren urtean zezenketekin zer gertatuko den ez dute zehaztu.
Zezen-ikuskizunik ez Otxomaio jaietan
Otxomaiotako zezenketak bertan behera geratu dira Baños Toros enpresak ez zuelako ganaduzalea ordaindu. Ondorioz, Ivan Abasolo toreatzaileak prestutasuna agertu arren gainontzeko toreroek ez zuten zezenketa egitea onartu eta ikuskizuna suspenditu egin zen, larunbateko errekortatzaileen emanaldia bezala. Ez edonola gainera, ertzaintzako patruila bat sartu baizen zezen plaza erdira ekitaldia bertan behera geratuko zela esatera.