IRATXE LLANO (Urduña, 1974) Tar-tarra Kartoi Band txarangako sortzailea da. Material birziklatuekin turutuak sortu eta 75 haurrek osatutako txaranga egin dute.
“Tar-tarra Kartoi Bandeko zuzendaria zara. Ez duzu meritu makala!
Iaz izan zen lehen urtea. Gurasoen artean umeekin jaietan zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen, festetan gauzak umeentzako antolatzen direlako, baina ez haiekin. Kartoizko banda egitearen ideia bururatu zitzaidan, kalean eta txupinazoan jotzeko. Tailer zabal bat egin genuen, ez gure eskolakoentzako bakarrik, urduñako ume guztiei zuzendu genien ekimen eta kartela. Iaz 60 ume animatu ziren, eta aurten 75. Gurasoak ez ditugu zenbatzen. Giroa oso polita izan da. Gurasoak ere turutak egiten hasi dira, seme-alabekin parte hartzeko.
Euskal Herriko musika banda gazteenaren errekorra hautsi duzue...
Pena gehien ematen didana ume heldurik ez dugula da, nagusienak 7 urte dituzte, eta txikienek 1 eta 2! Umeak protagonista sentitzen dira, kalean jotzen eta jendea begira dutelako. Instrumentuak egiteko turutua, makarroi tutua, plastikozko ur botilen ahoa eta koloretako zeloa erabiltzen dugu. Iaz tenpera erabili genuen baina euria egiten badu izorratu egiten da, horregatik aurten zelora jo dugu.
Dragoi formako turutak dituzten bakarrak zarete
Oso turuta orijinalak atera dira. Batzuk sugeak egin dituzte, besteek dragoiak, marigorringoak... Oso politak daude. Guk materiala ematen diegu, baina sormena lantzeko turutaren forma librea da. Horretarako tailer bat egin genuen egun batez, 60 ume batu ziren! Bigarren saio bat egin behar izan genuen, haur batzuk ezin izan zutelako tailerrera egun horretan etorri.
75 ume txiki eta turutarekin banda bat sortzea ezin da izan erraza...
Entseguak laburrak izan behar dira, horregatik igande arratsaldetan egin ditugu. Ikastetxeko txosnan/lonjan geratu gara, eta kalean entseatu. Zazpi abesti bakarrik dakizkigu: Ikusi mendizaleak, pottokien kanta, zorionak zuri... Eskoletan zer abesten duten kontutan hartzen dugu. Niretzako zailena ahotsa ez galtzea da. Datorren urtean abesti aldaketak iragartzeko marrazkiekin kartelak egitea pentsatu dut, irakurtzen ez baina marrazkiak identifikatzen badakite eta! Hasieran turutari putz egiten hasten dira eta turuta ez dabilela pentsatzen dute, zaila zaie “tu” esanda bakarrik jotzen dela ulertzea. “Tu” da gure Tar-tarra Kartoi Band-eko nota bakarra.
Zenbat emanaldi edo kalejira egin dituzue?
Maiatzaren 7an txupinazo aurretik kalejira egin genuen Foru plazaraino. Biharamunean, Txikien egunean ere izan ginen. Iaz berdina egin genuen, eta Urduñako Santa Zezilia bandak haiekin jotzera gonbidatu gintuen elizan eman zuten kontzertuan. Oso polita izan zen, oso ondo pasa genuen. 40 ume joan ziren, baina egun horretan ez genuen turutarik jo, danborrak baizik. Danborrak Laudiotik ekarri zituzten, baina entseguak kartoizko zapata kaxekin egin genituen.
Danborrada ala batukada izango al da Tar-Tarra Kartoi Banden hurrengo erronka?
Kartoizko kaxak eta lata handiak gordetzen ibili gara, baina hori egiteko denbora eta gehiago entseatzea behar da. Gure umeak oso txikiak dira. Talde txikiagoarekin edo urte gehiago dituztenekin errazagoa litzake. Umeek jarraituko balute batzuk danborra jo lezakete, eta besteek turuta, baina oraindik belaunaldien arteko mozketa dago.
Datorren urtera arte instrumentuak gordeta dituzue?
Bai, noski, zaindu eta gordeta! Nire etxean ez dira gordetzen,nire umeak edonoiz ateratzen dira turutarekin. Bazkariak ditugunean turutekin agertzen dira. Etorkizunean Koroatze jaietan, Kale Barriakoetan... jotzeari ez diogu aterik ixten. Iaz Kale Barriko jaietan tailer bat egiteko deitu gintuzten, Morrilloren jaitsieran kalejiran ateratzeko. Deitzen bagaituzte, oso ondo!