Urduñako Otxomaioak: festa hasi baino ez da egin

Erredakzioa 2015ko mai. 8a, 10:02

Betea zegoen Urduñako Foru Plaza atzo iluntzean. Ehunka herritar bildu ziren, hastear zeuden Otxomaioei ongietorria egiteko prest.

Nork bere erara eman zion hasiera festari. Haur eta guraso asko Udaletxearen azpian zeuden, buruhandi eta erraldoiekin jolasean, eta eskoletan eginiko plastikozko tronpeta koloretsuekin txarangako kideak imitatu nahian.

Gazteak, berriz, koadriletan banatuak zeuden, jaietarako uniformeak jantzita, oraindik kalimotxo edo garagardo orbanik gabe soinean.

Betea zegoen Urduñako Foru Plaza atzo iluntzean. Ehunka herritar bildu ziren, hastear zeuden Otxomaioei ongietorria egiteko prest.

Nork bere erara eman zion hasiera festari. Haur eta guraso asko Udaletxearen azpian zeuden, buruhandi eta erraldoiekin jolasean, eta eskoletan eginiko plastikozko tronpeta koloretsuekin txarangako kideak imitatu nahian.

Gazteak, berriz, koadriletan banatuak zeuden, jaietarako uniformeak jantzita, oraindik kalimotxo edo garagardo orbanik gabe soinean.

Nagusienak, berriz, bankuetan eserita, elkarrekin hitz egiten eta, gaueko bederatziak hurbildu ahala, udaletxeko balkoira so.

Fandiñoren hitzak

Ordu horretan atera zen aurtengo pregoilaria den Ivan Fandiño balkoira. Toreatzaile ospetsua euskaraz zuzendu zen herritarrei. “Aupa Urduña! Oso azkar egingo dut, Otxomaioak ahalik eta lasterren hasi daitezen. Lehenik eta behin eskerrak eman nahiko nieke nitaz gogoratu diren guztiei. Urduñarra izanda behar bat da Urduñaren izena munduan zabaltzea, eta ohore bat Bizkaikoa eta Euskal Herrikoa izatea. Harro nago urduñarra izateaz. Gora Euskadi! Gora Urduña! Gora Otxomaio!”.

Egon zen, baina, Fandiño pregoilaria izatearekiko desadostasuna adierazi zuenik ere. Hori erakusten zuen Udaletxeko balkoiaren beste aldean eskegi zuten pankartak. “Tortura kulturatik kanpora! Zezenketak sadismoa dira” zioen.

Jarraian jaurti zen suziria, eta festa piztu. Txarangak herriko kaleetan barrena bideratu zuen jendea, txosnak irekitzen ziren bitartean.

Sei festa egun, ospatzeke

Otxomaioak, baina, hasi baino ez dira egin. Oraindik sei festa egun biziko baititu Urduñak, gaurtik maiatzaren 17ra bitartean. Gaur agintarien segizioaren desfilearekin emango zaio hasiera egunari, 10:30ean. Bandaren kontzertua, kale antzerkia zein pilota partiduak egongo dira gero.

Bihar, berriz, Umeen eguna izango da, eta umeentzako entzierroa eta herri bazkaria egongo dira, besteak beste. Gau partean, berriz, kontzertuak egongo dira Gaztetxean, Revolta Permanent rap taldearen, Aldats erromeriaren eta oraindik konfirmatu gabeko beste talde baten eskutik.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide