"4 urte hauetan EH Bilduk erakutsi du Udalak zuen egoera ekonomiko larriari buelta ematea posible dela"

Erredakzioa 2015ko api. 7a, 09:51

IDOIA AGINAKO (Urduña, 1958) Urduñako EH Bilduk hautatuko du alkategai izateko. Koalizioak egindako ibilbidearen inguruan mintzatu da eta hauteskundetan aurkeztuko dituzten ideiak ere aipatu ditu

Nolakoa izan da hautaketa prozesua eta zenbat iraun du?

IDOIA AGINAKO (Urduña, 1958) Urduñako EH Bilduk hautatuko du alkategai izateko. Koalizioak egindako ibilbidearen inguruan mintzatu da eta hauteskundetan aurkeztuko dituzten ideiak ere aipatu ditu

Nolakoa izan da hautaketa prozesua eta zenbat iraun du?

Orain hilabete eta erdi EH Bilduko batzar irekia egin zen partaidetza handiarekin, amaitzear dagoen legealdiko balantzea aurkezteko eta hurrengo legealdirako programarako ekarpenak jasotzeko. Horretaz gain zerrenda berrirako izenak proposatzeko aukera egon zen.

Hortik aurrera, EH Bilduko talde koordinatzaileak proposatutakoekin hitz egin, ardura hartzeko gonbidapena luzatu eta gure baietzarekin aurrera egin dugu.

Zergatik uste duzu hautatu zaituztela eta zeintzuk dira zure ustez zure ezaugarri garrantzitsuenak?

Nire izena proposatu zutenei galdetu beharko litzaieke, baina ni hautatu naute alkategai eta Urduñak merezi duelako orain arte egon direnekin eta gurekin egongo direnekin bideari ekingo diogu.

Nik ilusioz lan egiten dut sinisten dudan horren alde, herriaren alde, pertsonen alde. Auzolanean aritzeko prest dagoen pertsona hurbila naiz.

Zein da zure ibilbide profesionala eta politikoa?

Eskualdean dagoen enpresa sidero-metalurgiko batean kalitate departamentuko langilea naiz.

Nire ibilbide profesionalaren hasieratik langileen lan baldintza duinen aldeko kezka izan nuen eta LAB Sindikatuan afiliatu nintzen.

Egun ordezkaria naiz eta aurretik Enpresa Batzordeko kide eta presidentea izan naiz.

Arlo politikoan, Ezker Abertzaleko militantea izan naiz, bere eskubideak zapalduta dituen herri baten parte nintzela jabetu nintzenetik.

Nola baloratzen duzu EH Bilduren legealdia?

EH Bilduren legealdia gardentasunaren, zintzotasunaren, herriarekin eta herriaren aldeko eguneroko lanaren eredua izan da.

Zalantzarik gabe haize berria izan da urte luzeetan utzikeria, aginte itxia eta alderdikoia izan duen herriarentzat.

Lau urte hauetan EH Bilduk erakutsi du Urduñako Udalak zuen egoera ekonomiko larriari eta gestio txarrari buelta ematea posible dela eta, EAJ-PNVko aurreko gobernuek utzitako zorraren zama gainean badugu ere, beste kudeaketa eredua badagoela.

Zeintzuk dira proposatuko dituzuen ideiak? Zein neurrian baldintzatuta egongo da programa egoera ekonomikoa dela eta? Nola baloratzen duzu Urduñako egoera?

EH Bilduk hiru zutabe nagusi ditu 2015eko hauteskunde hauetarako:

  1. Gobernu Eredua: partaidetzan, zintzotasunean, gardentasunean eta eraginkortasunean oinarria duena. Horren adibidea da Urduñako historian lehen aldiz etxe guztietara heldu dela aldizkari bat non zehetasunez azaltzen den 2015eko aurrekontuak zertan eta nola inbertituko diren.

  2. Bilakaera Eredua: promozio ekonomikorako ideiak biltzen ditu. Batzuk jadanik martxan daudenak eta besteak berriak. Hirigintza, politika energetikoa eta ingurumena kontuan hartzen dituen asmoak eta Larruazabal osatzen dute herriekin adostutako proiektuak.

  3. Gizarte eredua. Azkena baina ez garrantzi gutxiagokoa. Honetan Urduña hiri justuagoa, solidariogoa eta hiritar guztiak kontuan hartzeko aldeko proposamenak biltzen ditugu. Hiri euskalduna, emakumeen eskubideen eta hiritarren duintasunaren aldekoa.

Urduñaren egoerari dagokionez, lehen aipatu bezala, EH Bilduk gobernua hartu zuenean topatu zuenari aurre egin zion egunez egun neurriak hartuz eta egun, ekonomikoki eskas ibili arren, Udala antolatua dago eta aukera dago proiektuez hitz egiteko.

Garbi dugu ez dugula beteko ez dugun ezer aginduko. Guztion artean erabaki beharko dugu ditugun bitartekoekin, hemendik aurrera , zer eta nola egin nahi dugun.

Guk gure lana eskaintzen dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide