ACCOR merkatarien elkarteak "Pintxobono" dinamika abiatu du. Martxoko azken asteburuan jarri zuten egitasmoa martxan, Urduñako ostalaritza indartzeko helburuarekin. Proiektuaren ezaugarri nagusia bono bat da, 7.5 euroren truke 6 pintxo dastatzeko aukera ematen duena.
Pintxobonoaren ibilbidean Urduñako 14 taberna zein jatetxe ari dira parte hartzen. Urduñako Merkatari Elkartea sustatzaile nagusia bada ere, Turismo bulegoak ere parte hartu du ekimenean, tokian tokiko espezialitatea ezagutarazteko jakien aurkezpen karta bat egin baitute.
ACCOR elkarteak adierazi duenez, sustapena eta merkaturatzea indartzeko turismo bulegoan salduko dira pintxobonoak. Horretaz gain, bertaratzen diren herritarrei proiektuan parte hartzen ari diren tabernen kokapena errazteko sortu duten mapa propioa banatuko zaie.