Urduñako Turismo bulegoak tokiko produktu ekologikoak ere salduko ditu apiriletik aurrera. Duela gutxi aldatu zuen turismo bulegoak kokalekua, Foru plazako lokaletik Alondegira. Atezabalen arabera, informazio eta turismo zerbitzua kudeatzen duen enpresa, baloreak lantzeko leku bilakatu nahi dute turismo bulegoa, “Euskadi gastronomikoa” marka indartzearekin batera.
Hiru ildori erantzunez 10 produktu salduko dituzte. Batetik, “Detaile gastronomikoak” jarriko dituzte eskura. Bestetik “Dastaketa” gunea, inguruko txakolinak nabarmentzen direlarik; eta azkenik, lote mixtoak.
Eskainiko dituzten produktu ekologikoak honakoak dira: barraskiloak, arrautzak, marmeladek, irasagarrak, Urduñako hiru txakolinak, Aiaraldeko txakolinak, txakolin ozpina, artisauen pastel eta trufak, gaztak (Gaztazaharra eta Idiazabal) eta eskualdeko eztia. Horri, ordea, Euskadiko beste hiru produktu erantsi behar zaizkio: Añanako gatza, Baias garagardoa eta Eusko Label markako oliba olioa.