Martxoaren 23tik 28ra luzatuko da Urduñako Gaztetxearen hirugarren urtemugaren ospakizuna. Hartarako ekintza ugari antolatu ditu Urduñako Gazte Asanbladak. Astelehenean eman zioten hasiera txilarrezko erratza tailerrarekin.
Gaur, asteartea, 19:00etan, okupazioaren inguruko hitzaldia emango dute Bilboko Okupazio Bulegoko kideek. Asteazkenean 6:00etan, korrika dela-eta, parte hartzera gonbidatu eta txokolatada antolatuko dute. 18:00etan ping-pong txapelketa izango da eta 19:00etan merendola.
Ostegunean, 19:00etan, Aitor Aspuruk idatzi duen “drogas, capitalismo y movimientos sociales” liburua aurkeztuko du. Ondoren poteo-kalejirari ekingo diote. Ostiralean 20:00etatik aurrera Los Parasitos, DJ Plan Kunta eta DJ Fyah-k kontzertu emanaldia eskainiko dute.
Larunbatean emango diote hirugarren urteurrenaren ospakizunari amaiera, 16:00etan antolatutako poker txapelketarekin. Ekintza guztiak, Korrika salbu, Urduñako Gaztetxean egingo dira.
Ospakizuna larunbatean antolatutako 17. Gazte Egunaren ondorengoa da. Edizio desberdinetan, urte luzez, Gaztetxearen beharra aldarrikatu eta gero lortu zuten urduñarrek, Gazte Egunaren ospakizunari lotuta, eraikin berria okupatu eta gazteen beharretarako antolatzea.