"Asanblada oinarri, 17 aldarri” lelopean, egitarau oparo eta bizia prestatu dute gazte urduñarrek martxoaren 21erako. Aukera bikaina, beraz, errebeindikazioekin batera udaberriari ondo etorria egiteko.
Kirola, jolasak zein graffitiak izango dira goizeko protagonistak. Hala, 11:00etan, boulder-txapelketaren finalistak buruz buru lehiatuko dira gaztetxean. Ordu berean, baina Foru plazan, 3x3 txapelketa eta haurrentzako puzgarriak egongo dira, eta, ondoren, slackline-ikuskizuna.
13:00etan harrera-ekitaldiari ekingo zaio, bolanderak, dantzak eta guzti; jarraian, tabernaz taberna ibiliko dira gazteak, Builaka batukadak lagunduta. Bazkaldu ostean kontzertuak egongo dira gaztetxean, Aizkorakada eta Esne potak talde aiararren eskutik. Arratsalderako, bestalde, txokolatada antolatu da eta buru-handiek giroa alaituko dute. Gero, 20:00etan, kalejira egingo da.
Egunari amaiera emateko, parriladaren eta kontzertuak egongo dira karpapean: Habemus Papam, Gobernors eta Akerbeltz.