Urduñako udalak EISEren (Ongizate Arloko Interbentzio Taldea) bidez gazteen txokoetan garatzeko “Txoko Laket” egitasmoa aurkeztu du. Finean, arriskutsutzat jotzen diren kontsumo ezberdinen lanketa egitea da asmoa; prebentzioa. Horretarako, gazteak dauden txokoetan bi ordutako hiru saio eskaintzeko aukera luzatu dute. Ekimenaren gidaritza “Zerbitzu ON” egitasmoaren sustatzailearen esku geratuko da, nerabe, eta gazteei zuzendutako eragilearen kontu, hain zuzen ere.
Landuko diren gaien artean drogen kontsumoak sortzen dituen arrisku eta kalteak, kontsumitzaileak ez direnen erabakia indartzeko teknikak, sexu segurua... daude. Azaldu dutenez, zerbitzua txokoetako gazteen beharretara egokituko da, tokian tokiko errealitatea eta proposatzen duten ordutegia aintzat hartuz. Zerbitzuaren kudeaketa EISEk egingo du. Informazio gehiago edo izena eman nahi izanez gero telefonoz deitzeko eskatu dute. Horretarako, 945 383 003 (Urduñako udala) eta 688 828 025 telefonoak (EISE) jarri dituzte eskura.