Egunaren zentzua eta ospakizuna bera denborarekin aldatuz joan badira ere, gure eskualdeko hainbat herritan gogotsu ekiten diote urtetik urtera kintoen ospakizunaren antolaketari 18 urteak betetzera doazen gazteek.
Duela urtebete Txabi Alvaradok erreportaje honetan kintoen ohituraren bilakaera azaldu zuen; armadan sartu beharra zutenen agurraren aurrekojai gisa sortu zenetik gaur egun mantentzen den jaialdira arte.
Xxxx dira 1997an jaiotako neska-mutilak. Aurtengo ospakizunen barruan, urtarrilaren 31an Urduñako kale eta inguruetako auzoetatik abesten eta diru eskean aritu ziren lehendabizi; Tolosako inauterietara joateko parada ere izan zuten ostean, eta azkenik, martxoaren 7a da Urduñan jaialdia ospatzeko aukeratu duten eguna.
Egitaraua
Egunari hasiera emateko, goizerako bi eskaintza desberdin programatu dituzte; Antzinako Ama Birjina elizan 10:00etan ospatuko den meza alde batetik, eta 11:30etatik aurrera umeei zuzendutako jolasak bestetik.
Arratsaldeko egitaraua ordea, musikaz eta erritmoz betea egongo da. Izan ere, 20:00etan hasita, herrian zehar Batukada arituko da jotzen eta gaueko 22:00etan hasiko diren kontzertuek itxiko dute ospakizuna. Astalapo, Green Valley eta DJ L´Trapiren kontzertuak izango dira hain zuzen ere.
Belaunaldi desberdinen topaleku
Adin-nagusitasuna eskuratuko duten gazteez gain, belaunaldi desberdinek elkartzeko eta bazkari edo afariak egiteko aprobetxatzen duten eguna izan ohi da hau. Ez da harritzekoa izaten, adin desberdinetako jendea, koadrila handitan bilduta, bakoitza bere bereizgarriarekin (izan zapia, kapela, ileordea, gorbata...) herritik ikustea. Horregatik, usadio zaharra jarraitu gabe bada ere, badirudi ospakizun honek etorkizuna baduela.