MAITANE SOBRON, "TXITI" (Urduña, 1984) CD Orduñako futbol taldeko kapitaina da. Orain Bizkaiko Kopako liderra da taldea eta txapelketa irabazteko parada dutela uste dute. Horri buruz eta futbolari buruz mintzatu da.
Nolakoa izaten ari da CD Orduñaren parte hartzea Bizkaiko Kopan?
Aukera polita daukagu aurten Kopa irabazteko. Goiko partean gaude Iurreta eta Berri Otxoakoekin. Jendeak konfiantza dauka eta zerbait polita egin dezakegu.
Liderrak gara eta partida bat gutxiago jokatu dugu. Pasa den astean ez genuen jokatu elurraren ondorioz eta berdinduta gaude sailkapenean Iurretarekin.
Pasa den urtean ere txapelketa ona jokatu zenuten. Zuen ustez zergatik da bereziki ona zuen errendimendua aurten?
Denbora asko eman du ia talde berak. Giro oso ona dago eta hori oso garrantzitsua da taldean, konfiantza izateko taldekide eta entrenatzailearekin. Lagunak gara eta hori jokatzeko orduan oso ona da. Kiroletik at ere harremana daukagu, elkarrekin mugitzen gara eta horrek ere taldea egiten du eta futbol zelaian ere sumatzen da..
Iaz, esan bezala, txapelketa ona egin zenuten, ezta?
Bai, beti gaude hor, baina azkenengo partidak Otxomaio aldera dira eta hori nabaritzen da. Ez dugu denboraldi osoa egiten eta jendeak batzuetan ez dauka jokatzeko aukerarik -azterketak direnean edo asteburutan lan egin behar duelako- eta hori islatzen da emaitzetan.
Faltatzen den pertsonaren arabera gehiago nabaritzen da.
Nolako da Bizkaiko Kopa?
8 talde gehiago daude. Batzuk beti daude hor, Berri Otxoak, Iurreta, Derio... baina aurten talde berriren bat dago, Bermeo adibidez. Beti ateratzen da talde berriren bat.
Bilbon jendea gehiegi mugitzen da. Talde batzuk desagertzen dira dirua ez dagoelako, izena aldatzen dute... Hemen beti berak gara.
CD Orduñaren esperientzia zein da esparru honetan?
Orain eta iaz lortu ditugu emaitza onenak. Areto futbolean Kopa irabazi genuen. Baina horretaz gain ez dugu txapelketarik lortu.
Aurten Kopa irabazteko aukera dugu eta ea lortzen dugun.
Horretarako zer beharko zenukete?
Jokalariek ez badute arazorik partidetara etortzeko lor dezakegu. Pasa den astean atezaina ez zen etorri eta bakarra daukagu. Ez badago asko nabaritzen dugu.
Zein da zuen ezaugarria talde gisa?
Atezain finkoa dugu, ondo dabilena. Erdilariak ere oso onak dira eta aurrelari petoak ere badauzkagu.
Gizonezkoak liderrak izango balira, oihartzun gehiago lortuko lukete?
Bai, gu ohituta gaude. Emakumezkoen taldeak apur bat bakartuak gaude. Hala ere Athleticeko emakumezkoen taldeak kirolaren ospea apur bat bultzatu du.
Dena den hori gertatzen da bakarrik Athletix eta Errealarekin, telebistak agertzen direnekin.
Nola jarraitzen dute emakumeek futbola?
Gehienei futbola asko gustatzen zaie. Gizonezko zein emakumezkoen futola jarraitzen dute.
Ahal dugunean Lezamara joaten gara eta beste partida batzuk ere ikusten ditugu: Basaurin, Ugaon...
Jendeari gustatzen zaio.
Bestalde ni Athleticeko bazkide berria naiz eta beti hurbiltzen naiz San Mamesera.