Otsailaren 14tik 17ra ospatuko dira aratusteak Urduñan. Arizgoiti berbenak abiatuko du festa 17:30ean, 18:30ean inauterietako desfilea egongo delarik. Mozorro lehiaketan izena-emateko aukera 17:00etatik 18:00etara egongo da Foru Plazan.
Mozorro lehiaketa
Txapelketaren baitan taldeka eta banaka sarituko dira mozorrorik onenak. Kategoria indibidualean lehen saria bakarrik banatuko da. Helduen mailan 50€ banatuko dira, eta haurrenean 30€. Taldekako lehian, aldiz, helduek 85 euroko saria eskuratzeko aukera izango dute, haurrek 80€ eta gazteek 85€. Sari banaketa 19:30ean izango da.
Otsailaren 15ean, berriz, Santa Zezilia bandaren kontzertua egongo da Foru plazan. Ez edonolakoa, gainera, egun berezia izaki mozorratuta oholtzaratuko baitira. Otsailaren 17an bukatuko dira Urduñako aratusteak, 17:00etatik aurrera Foru Plazan egongo den txokolatada eta erromeriarekin.