1955. urteaz geroztik, Urduñako abeltzainen ganaduak ezin du Gorobelen bazkatu. Hori dela-eta, 36 ustiategi biltzen dituen Bedarbide elkarteak auzibide zibilera jo du, Villalba de Losa udalerriari, Villalbako administrazio-batzarrari eta Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoari kalte-ordainak eskatzeko, guztira, 6 miloi euro.
Urduñako Udalaren eta Larruazabalgo Batzaren babesarekin, Bedarbidek demanda jarri du Villarcayoko epaitegian. Gorobelen baso larregintza aitortzea eskatzen dute urduñarrek; eta, euren tesiaren abal gisa, bi agiri aurkeztu dituzte.
Historikoa da lehenengoa, 1494ko betearazpen-gutun baten arabera, udalerri biek –Urduñak eta Villalba de Losak– erabil baititzakete mendizerrako lursailak.
Bigarren dokumentua, aldiz, nekazaritza-ingeniari batek sinatu du, eta abeltzainek zein Udalak jasandako kalte ekonomikoak jasotzen dira bertan. Izan ere, 50 urtez, udalak ezin izan du kobratu larre horiek erabiltzearen ondoriozko kanona.